argia.eus
INPRIMATU
OSTIAN BIZI ZERA...
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2002ko ekainaren 23a
Ohi baino beranduago ari zara kafea hartzen Kale Nagusiko ostatuan. Eta ohi ez bezala, emaztearekin, haurrak ohean utzita. Astegunetako udal langileen ordez, baserrietatik mezatara jaitsitako etxeko jaunak dituzu ondoko mahaian, Arrueren koadro batetik atereak diruditela. Eta alboko komertzioetatik eskapadatxoa egin eta kortadoa hartzera etortzen diren emakumeen ordez, gaupasa egin eta erretiratu ezinik dabiltzan hiru golfo.

Emazteak egunkariari ekin dio, albisteen garratza kurasanarekin gozatuko duelakoan, eguna haserre hasteko motibo bila, oharkabean. Eta zuk «Hernaniko Kronika»ri heldu diozu, zeure inguruan gertatuko edo gertatu denaz «off-side» ez geratzeko, kafe amerikanoa tragoxkadatan hartuz.
Baina jainkoren batek eguna alaitzea erabakia du, eta xirula zuberotar baten hotsak hasi dira sartzen tabernako ataritik. Hurbiltzen doa, gainean da, barrikadaren bat hausten ari direla iragartzen duen doinu jostalaria. Eta atabalaren burrundaren atzetik sartu dira barraraino dantzariak azkenean. Hor Jauna, hor Anderea, haruntzaxeago Kantiniersa, Zamaltzainak iristear behar du, ea Kabana autentikoa den... «Ho, Pitxu, ho!» oihukatu du batak, eta «Ieuup!» erantzun diote gaupaseroek. «Horiek bai gorputzak» esan diot keinuz emazteari, aurrea hartu nahian. Eta xirularia trago bat edateko isildu denean, umore ona atera da ketan nahastuta ostatutik karrikara.
ABISATUTA zeunden, eta hala ere ezustean harrapatu zaitu tabernako atetik ateratzerakoan. «Kronika»ko bertsolariek argi eta garbi publikatua zuten; alegia, herriko adin horretako 150 haurretatik 100ek egin behar zutela komunioa. Hor zetozen, bada, Kale Nagusitik gora, banan bana. Horra gure printzesa-birjina, eskuekin gona zabala ahal bezala manejatuz, kontuz zapata xuriak zikindu... ama, izeba eta eta amona atzetik. Atzerago marinel jantzita dator mutiko hori, ai, eta beste horrek almirante baten distira du. Herriko plaza zaharrera begira ezazu, ari da jendea biltzen, trajedun horrek bideoa darama eskuan, soineko luze eta eskote zabaleko hark kamera digitala...
Oharkabean, buruak haurtzarora eta jaioterriko eliza ttiki zaharreraino egin dizu ihes. Kandelak aldarean eta intzentsu usainarekin nahastuta lirioen lurrin berezia, maiatzeko igande bateko goizean. Armonioa negarti ari da, organistaren hankak hauspoetan. Apezak komunioa partitzen duen bitartean «Ostian bizi zera» kantatuko duzue, «baina guk Jesus, Zu maitatzea edo iltzea nayago». Eta jaunartzeen eguna baita, ilara luzeak bigarren kanturako beta ematen du. «Ogi zerutik etorria / Zu zera gure poz guztia».
Arratsaldean, «Bonanza» ikusi aurretik, igandeko bezperak. Eta eskuetan erramilete bana daramaten neskak hasiko zaizkio kantari urrezko distirak barreiatzen dituen kustodia zaharrari: «Aingeruzko lirio txit eder garbia»...
KARKABAKO kantoitik sudurretaratu zaizun pix-usainak itzularazi zaitu XXI. mendera. Albotik pasatzen ari zaizun Murilloren aingeru horren, edo laster Lolitaz beztituko den neska polit haren, neba ariko zen maxkuria deskargatzen etxerantz abiatu baino lehen. Begira, eta koxka honetan egin du txahala birjinatxo horietakoren baten ahizpa zaharrenak, gauaren majia joan eta egunsentia kupidarik gabe zabaldu denean. Agian bihar anbulatorioan ikusiko duzu, biharamoneko pilularen galdez.
Maiatzeroko karnabal kitsch antziano garestiak inbaditu du herria, Dantzari Eguneko Maskarada zuberotarraren gainetik.
Baina tarteka katolikoek ere eman diezazukete ezustekoa: herriko kristau militanteen haurrek bezperan egin omen dute jaunartzea, kaleko jantzita eta diskretoki