argia.eus
INPRIMATU
IRUZURGILEAK ETA ALFERRAK
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Gizarte prestazioen erreformaren aurkako greba orokorrerako deialdiak Espainiako presidentearengan, Aznarrengan, frankista batek hartuko lukeen erantzuna sorrarazi du, eskuinik muturrenekoenaren gizon batena. Langabeei eraso die, gizartean babes gutxien daukatenei. Eta alferrak eta iruzurgileak direla leporatu die. Aznarren esanetan, langabeek ez dute lan egin nahi eta gainera altxor publikoari iruzur egiten diete. Aznar jaunak ez du esaten Espainiako Estatuko langabeen zati handi batek, 240.000ek, ez duela inolako prestaziorik jasotzen. Ez du esaten prestazioa kobratzen duten 52 urte gorakoek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino gutxiago jasotzen dutela (331,65 euro hilabetean). Ezkutatu egiten du jornalari andaluzek eta extremadurarrek gutxiago kobratzen dutela; ez dira hilabetean 190 eurotara iristen. Eta batez ere ezkutatzen du prestazioa jasotzen dutenak lehenago kotizatu dutelako (batzuetan 15 urtez gutxienez) jasotzen dutela. Hau da, merezitako kopuru ekonomikoa jasotzen dutela eta ez dela Gobernuak emandako limosnarik. Iruzur egiten dutenak eta atzetik joaten ez zaizkionak badaki Aznarrek non dauden: enpresarien, bankarien, lur-jabeen eta politikarien artean eta bere alderdian. Iruzurgile izateaz gain, beraiek dira alfer bakarrak