argia.eus
INPRIMATU
Bake Konferentziaren behin-behineko ebaluaketa
2002ko ekainaren 23a
Bake Konferentzia prozesua azken txanpan sartu da jadanik, datorren urria arte luzatuko baita. Prozesua oso mamitua dago eta gizarteari horrela agindu zitzaionez, orain arte egindako lanaren ebaluaketa publikoa egingo du Elkarrik, ekainaren 22an, Donostiako Kursaal Aretoan.

Joan den urteko otsailean hasi zen Bake Konferentziaren proiektu edo egitasmoak, egitasmo guztiak bezala, hasiera eta bukaera izan behar ditu. Hasiera-hasieratik martxoan bukatzeko asmoak ziren, baina PSE-EE alderdiaren Kongresua hilabete horretan ospatzekoa zenez, ekainera arte luzatzea erabaki zen. Prozesuan parte hartu duten alderdiek eta talde moderatzailea bat etorri ziren PSE-EEri aukera bat eman behar zitzaiola adostean; honela, Kongresutik aterako zen zuzendaritza berria Bake Konferentzian parte hartzeko era egokiagoan egongo zelakoan. Eta horrela izan da, aipatu alderdiak parte bizia hartu baitu, bere iritzi eta ekarpenez, guztiak aberastuz.
ORAIN, Bake Konferentzia amaitzeko eredua finkatzean, alderdi politikoak, talde moderatzailea eta antolatzaileak elkarrizketa saioetan ari zirela, Batasunak iraila arte luzatzea proposatu zuen, erakunde hori legez kanpo jartzeko ahaleginak direla eta, Bake Konferentzian parte hartzeko gaitasuna nabarmen muga diezaiokeelako. Berriro bat etorri dira indar guztiak eta urria arte luzatzea erabaki da.
Alde positibo ugari ikusten diot Bake Konferentziaren luzapenari. Lehenik eta behin, orain arte egindako lana gizarteari azaltzeko eta bere iritziak eta ekarpenak jasotzeko beta emango duelako. Moderatzaile taldeari bere lanean jarraitzeko aukera emango diolako. Gatazken konponbideetan adituak diren Ipar Amerikako zenbait erakundek, Bake Konferentziaren lanari lagunduko diolako. Azkenik, PP eta UPN alderdiei orain arte egindako lanaren emaitza hurbiltzeko aukera emango diolako. Alderdi hauek ez dute Bake Konferentziarekiko jarrera positiborik azaldu orain arte eta benetako konponbidera iristeko beharrezkoa da alderdi guztien partaidetza.
Lau proiektuk osatzen du Bake Konferentzia prozesua: Hitz bat, Liburu bat, Dosier bat eta Orri bat. Lehenengo hiruak osatu eta zabaldu dira. Laugarrenaren, hau da, «Orri» bat proiektuaren lehen zirriborroak, ekainaren 22an aurkeztuko dira eta honekin batera Bake Konferentzian parte hartu duten alderdi bakoitzaren idatzizko balorazioa.
Azpimarragarria izan da, eta da, gizartearen partaidetza, bere laguntza eta kolaboraziorik gabe ezinezkoa bihurtuko bailitzake hau guztia gauzatzea. Bake Konferentziaren helburua bakearen aldeko akordio zabala lortzea izanik, akordio horretan gizarteak ere parte hartzea nahi zen. Nolabait, indar politikoen artean beharrezkoa den eztabaida, hiritarren mailako gogoeta eta proposamenekin osatzea. Horretarako «Berdintasuna» hitzarekin ia milioi bat orri zabaldu ziren baita ehun mila Parte-hartze Koaderno ere. 5.000 lagunek euren iritzi, ekarpen eta proposamenak bidali dituzte. Material honekin guztiarekin «Dosierra» osatu da non, batez ere, gizartearen aberastasuna agertzen den.
ERA berean, «Liburua» eratzeko antolatu ziren ekintza eta mahai-inguruetan gizartearen partaidetza ezohikoa izan zen: gainezka egon ziren areto gehienak eta bertan, ekintza horietan, egindako galdera eta proposamenek marka guztiak hautsi zituzten. Eta honi guztiari 52.000 lagunen sinadura eta sei eurotako aportazioa gehitzen badiogu, are gehiago esan genezake, Bake Konferentziaren egitasmo honek gizartearen multzo zabalaren babesa jaso duela (Orain bertan milaka lagun partaidetza txartelak banatzen ari dira, urria arteko luzapena ahalbidetzeko).
Beraz, hasieran nion bezala, Bake Konferentzia prozesua ez da hemen bukatuko, eta urria arte jarraituko duenez, beste ekintzen artean, Bake Konferentziari buruzko informazioa zabaltzen jarraituko dugu Euskal Herriko hiri eta herrietan. Gizarteak parte bizia hartu du proiektu honetan eta gauzak nola doazen ezagutzeko informazioa jasotzeak merezi du