Orain euskal talde asko dago nonahi, baina Labayruren lehenengo urteak zailak izango ziren, egoera kontuan izanik.
Badira 32 urte behar honetan hasi ginela. Izan ere, Labayru, 7 urte lanean generamatzanean sortu genuen. Jakina, 70eko hamarkadan, egoera beste bat zen. Gure hazia Gerra Zibilaren aurrekoa da. Gero, Francorekin lehorte ikaragarria izan zen. Ostean, 60ko hamarkadan, hezetasuna heldu zenean, lehenagoko haziak erne ziren. Ez ziren aldi gozoak izan; guk eman ditugu ikastaroak "Ley de excepción" zelakoa indarrean zegoenean ere, baina ez da ezer handitu behar. Guk zaletasuna izan dugu eta elizaren zein euskaltzaleen laguntza ere bai.
Ikastaroak aipatu dituzu. Zein da hauen fruitua?
Gramatika, morfologia, literatura... kontuan hartuta, 200 liburutik gora argitaratu ditugu euskaraz. Ez denak bizkaieraz. Beste alde batetik, gure ikastaroetatik igaro direnak, oso lotuta daude gure metodoari eta jarraibideari, eta ez dute baztertzen ahozko hizkuntza. Batzuetan, pentsatzen dugu besteen euskara dela ona eta norberarena txarra, eta hori apurtu egin behar dugu.
Bizkaiera arloan ematen diren aurrerapausoak ikusita, poza hartuko duzue?
Guk batez ere pozez ikusten duguna da euskaraz egitea. Euskara ona egitea. Ez horrelako sasi edo erdal euskara egitea. Euskara hori argia eta bizkorra bada, hobeto, eta ulerterraza bada, onena izango da.
Urtetan hainbeste zerbitzu sortu dituzue: itzulpengintza, liburutegia... Berririk emateko asmorik badaukazue?
Ogibideetan sartu gura dugu. Euskara izan dadila erabilgarri eguneroko lanean. Hori izango da gure erronka hurrengo 10 urteetan, hizkuntza arloan. Denek ez dute euskaraz egingo, baina egiten dutenek egin dezatela balantzeak idazterakoan, gutunak bidaltzerakoan edo txosten bat prestatzerakoan. Orain arte egon da euskara itsasoan, artzaintzan, etxeko andreen artean... Orain industrian sartu behar dugu.
Badago dikotomia bat, bizkaiera eta eliza lotu dituena. Zuek zelan ikusten duzue lotura hori?
Egia da, Labayru Bizkaiko elizan eratutako erakundea dela, baina autonomoa da. Autonomia handia dauka erakunde legez. Elizak beti eman dio lehentasuna hiztunari. Hor oinarritzen da guk elizan, bizkaieraren alde jokatzea; baina Gipuzkoako elizak gipuzkeraren alde jokatzen du; eta Lapurdikoak lapurteraren alde. Ebanjelioa ez dadin izan arrotza eta ulergaitza elizara datozen kristauentzat.
Hutsunerik ikusten duzu? Handiena non?
Euskara ikasteko, batez ere hirietan, eskolara joan behar da. Euskara ez da kalean ikasten. Euskaldun gehiago dago lehen baino, baina euskal hiztun gutxiago, eta kontuz ibili behar gara.
Horren ondorioa izango da euskara bizia eskastea?
Bai, baina hori galtzen bada, euskara galdu da. Guk hizkuntza esaten dugu, baina euskaraz mintzaera be esaten da. Mintzaera mihiz egiten da. Euskara egiten dugun bakoitzean euskara indartu egiten da, eta egiten ez denean endekatu