argia.eus
INPRIMATU
Termometroa
2002ko ekainaren 16a

IPARRALDEAN BERRIZ ESKUINA

ESKUINEKO hautagaiak izan dira bozkatuenak Ipar Euskal Herriko 5. eta 6. hautes-barrutietan. 5. barrutian Baionako Jean Grenet (UPM) auzapezak Jean Espilondo diputatu ohia gainditu du. 6. barrutian, berriz, Michelle Alliot-Marie (UMP) diputatu ohiari 500 boto falta izan zaizkio lehen itzulian hautatua izateko. Ustekaberik ezean, 16an biak diputatuak hautatuak izanen dira. 4. barrutian (barruti eusko-biarnesan) Frantxua Maitia sozialista izan da bozkatuena, alta, zentro-eskuinari (UDF-UMP) egin beharko dio aitzi bigarren itzulian. Louis Althape (UMP) eta Jean Lasalle (UDF) hautagaien arteko akordioa espero denez, barruti honetan ere eskuina nagusituko bide da. 1997ko hauteskundeekin alderatuz, boto abertzalea 8.816tik 6.488ra jatsi da.


VENEZUELA ETA ERREFUXIATUAK

VENEZUELAK Bittor Galarza errefuxiatua polizia espainiarraren eskuetan jarri izanak, ezusteko eta egoneza handia sortu du Venezuelako euskal errefuxiatuen inguruko giroetan. Geratzen diren errefuxiatuen egoera ere ez da txantxetakoa, haietako sei bilatze agindupean baitira: Eugenio Barrutiabengoa, Jose Aiestaran, Miguel Angel Aldana, Jose Martin San Sebastian, Josu Urteaga eta Luis Mari Olalde. Horietako batzuek, gainera, Hugo Chavezek gidatutako mugimendu bolibartarraren aldeko jarrera erakutsi dute behin baino gehiagotan, baita liburuetan ere. Euskal Herrian, halaber, entrega honek ahobete hortz utzi du ezker abertzaleko sektore ugari.


PASTORAL BAT, BI IRITZI PUBLIKO

AZKENEAN Vaticanok ere ez zuen Espainiako gobernuak espero bezala erantzun. Espainiako Gobernuan eta elizaren zenbait sektoretan sortutako erreakzio gogorrek ondo finkatu dira Espainiako iritzi publikoan. Euskal Herrian ere erreakzio handia sortu dute, baina, oro har, Espainiako iritzi publikoaren aurkako erantzuna lortuz: euskal gizartean, eskuarki, ondo ulertu da gotzainen mezua. Alderdi politiko abertzaleetan behinik behin, batek baino gehiagok esan du Jose Maria Aznarren gobernuak halako gehiago egin beharko lituzkeela Euskal Herrian Alderdi Popularrak nahi duen mezuaren kontrakoa indartzeko.


PASTORALAREN IDAZKUNTZAZ

EUSKAL gotzainen pastoralari dagokionez, edukiei buruzko zaparradaren artean, idazkiaren egiletza aztertu nahia izan da zenbait komunikabideren ahalegina. Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainari egozten zaio orohar, agiriaren idazkuntza. «El Mundo»k, adibidez, Setien gotzain ohiaren konfiantzazko gizon izandako Jose Maria Pagolaren eskua zegoela eman zuen argitara. Pagolak informazioa ukatu eta halako jokaera informatiboen aurrean bere indefentsioa azpimarratu du.


AGUR GAZTELUKO PLAZAKO LUR AZPIKO MUSEOARI

IRAGAN urrian zortzi iruindarrek Iruñeko Gazteluko Plazako lanetan egindakoengatik salaketa jarri zuten epailearen aurrean. Epaileak dena primeran egin dela esan berri du, norbaitzuen azken esperantzetakoa zapuztuz. Epailearen iritziagatik ere, milaka iruindar eta aditu garrantzitsuk jarraitzen du pentsatzen Nafarroak aukera historikoa galdu duela: Gazteluko Plaza oinezkoentzat eta lur azpian Europa osoko museo arkeologiko-historiko garrantzitsuenetakoa izan zitekeena. Ikuspegi ekonomiko hutsetik begiratuta ere ez litzateke makala. Trukean aparkaleku bat geratuko da.


ESKUINA NAGUSI

Abstentzio historikoaz (ia %37) jantzitako legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzuliak erabakita utzi du bigarren itzulirako. Eskuinak botuen %43 eskuratu du Frantzia osoan, aurreko gobernu sozialista sostengatu duten ezker askotariko indarrak %36ra iritsi dira eta Fronte Nazionala %12ra iritsi da. PSk bereari eutsi dio baina komunista eta berdeek danbatekoa hartu dute 1997ko hauteskundeekiko. Igande honetako bigarren itzulian ez da espero halako emaitza ikusgarririk eta, beraz, Jacques Chiracek gidatutako eskuineko mugimenduak gehiengo osoa lortuko du Asanblea Nazionalean, bost urtetan sozialistekin izan den elkar gobernatzea hautsiz.