Bernado Atxagak hitzaldia eskaini zuen lehengo astean Labayru Ikastegiaren XXV. urteurrena zela-eta. Bertan, Euskal Herriaren lekuaz mintzo zen. Hona hemen «Gara»k bertatik jasotako adierazpenak:
« (...) Euskaldunok egon gara munduan leku batean eta leku hori dagoeneko ez zaigu eroso, ez zaigu komeni, ez digu onik egiten eta ziur asko aldatu egin beharko genuke. (...) Munduko bolan balio handikoak handi adierazi izan dira eta balio gutxikoak txiki. (...) Ez bazaituzte inolako balioren barruan ikusten, ez zaituzte onartzen, ez zaituzte ikusten eta ez zara azaltzen, ez daukazu lekurik. (...)
Besteak ikusten ez zaituenean ondorio zuzena da zuk zerorrek ere zeure burua aintzat ez hartzea. Herri batek bere buruaz daukan iritzia oso lotuta dago kanpokoek ematen dioten irudiarekin. (...) Euskalduna nekazari giroarekin lotu izan da. Balioaren lotura hori Euskal Herria nekazari gizarte batekin parekatuz egin zen. Preso gelditu ginen gure leku horretan. (...) Toki txikia egokitu zitzaigun, deserosoa idazlearentzat (...).
Aldatu egin behar dugu geure burua ikusteko modua, geure burua azaltzeko modua eta eskerrak eman eredu zaharrari eta beste eredu bat aurkitu. Euskal Herria utzi eta Euskal Hiri bihurtu behar dugu».