argia.eus
INPRIMATU
MIRUGAINAREN BUELTAN
Jakoba Errekondo 2002ko ekainaren 16a
Aramaioko Oleta herri bitxitik abiatuta Olaeta erreka, Mirugain mendia, Albina urtegia, Mariseka lautadatxoa, Otxandio eta Aramaio arteko eskubide berezietako Limitadoa deituriko saila, Kondebaso... paraje ederrak ezagutzeko parada izan dut. Euskal Herriko bi isurialde atlantikoa eta mediterraneoa bereizten diren toki garaiok aberatsetan oparoak dira landarez. Garai bateko ikazkintzaren lekuko muarrotutako pagadi eta haritzaga zaurituak, Douglas izei mastagai haga ikusgarriak, ahabidi zabalak, orkideoen erakusketa, norteko edo haritz amerikanoen gaixotasunaren garapen osoa, mailukixa heldu berriek bizitutako alimaleko tentazioa, astigar bakanak eta kukupraka eta kuku-belarraren paisaia minimalista ubelek baino arrosazeoen familia emankorreko kideen iraun nahiak harrapatu ninduen. Ia galdua dugun hostazuria, basolizar pinpirina, makatza edo udare-makatza basatien puja indartsuak, elorri beltz hostaila bakanak, fruitu mermeladagai preziatuak emango dituzten arkakarats edo asta-arrosa dotoreen loreen usain fina, elorri zurien loraldi berantiarra… Ikara nabarmena zen ordea familian, su-gorrinak jotakoen arrastoak ugariak ziren nonahi. Zingiretako inoizko apo-orfeoi galantenaren requiema eta miru-buztanen itzalak ziren nagusi