Etiopiarra. Gure gaztaroko krosmanik ikusgarriena. Hirurogeiko hamarkadan neguko urtarrilean Aiako Joxemiel Maizekin garaipenak aldizkatu zituena. Hain zuzen, oroitzen dut aiarra gailendu zitzaiona, gure aita zenak izandako haserraldia medio. Lasarteko krosa. Espainiako telebistak zuzenean eman, eta gogoan ez dudan esatariak -Antolin Garciaren bat- lasterketaren erdian bota zuen "Maiz gipuzkoarra atzean geratzen ari da". Azken itzulian gure aiarraren balentriaren aurrean ahotsa mudatu gabe, "gure ordezkari espainol Maizek, Mamo Wolde gainditu eta lasterketaren burua hartu du". Eta hara non, orain sei bat hilabete Zubietako Realeko aldagelan ezker abertzalearen satorrak Idiakez eta De Pedro zirela esan, eta haien aurka jesusenak jaurti zituen kazetari bera, Mundialean Espainiako estraineko partidan De Pedroren jokoaz harriturik, beretartu egin zuen errioxartzat emanez. Eta orain, honi ere, ez zaio ahotsa mudatu, ez du totelarena egin. Errioxan sortu Donostiako Antiguako Jabi, futbolari handitzat hartu dute. Ez da jada inoren sator. Bejondeiela