argia.eus
INPRIMATU
LO-KULUXKAREN ONURAK
Jabier Agirre 2002ko ekainaren 16a
Bazkalosteko lo-kuluxka edo siestak dakartzan eragin mesedegarrietan oinarrituz, zientzialari batzuek siesta egitea proposatzen dute astronautek espaziora egindako espedizioetan jasaten duten logale-galera kronikoari aurre egiteko eta arazo horren ondorioak arintzeko modurik egokiena bezala. Baina ikerketa hain espezializatuek ere ematen dituzte ondorioak bestelako sektoreetarako, eta horrela industriako hainbat arlotan (garraioan eta asistentzia medikoan esaterako, batzuk soilik aipatzearren) interes eta arreta handiarekin begiratzen diote Houston-eko Ikerketa Biomediko Espazialerako Institutuan aurrera daramatzaten ikerketei.

Siesta edo biaoa oso komenigarria da AEBetako biztanleria arruntarentzat ere, bertan pertsona heldu batek sei ordu eta 57 minutu egiten baititu lotan, batez beste, gaueko, adituek zortzi ordu jotzen dituzten arren beharrezkotzat. Sleep Foundation izenekoaren arabera, AEBetan apenas % 32 dira astegunetan sei ordu lo egiten dituztenak, eta % 64 gomendatutako zortzi orduetatik azpitik dabiltza. Hortik abiatuta, zortzi orduko loaldi bakarraren ordez lautik seira ordu guztira lo egiteko modua emango luketen bi loaldik zer-nolako eraginak edukiko lituzketen ikertu nahi dute adituek.
Izan ere, Loaren Fundazioak egindako inkestak adierazten duenez, helduen % 33k lo-kuluxka bat egingo lukete lanaldiaren erdian, utziko baliete (eta inkesta berean ikusi zen siesta egiteko aukera ematen zaion langile batek, behin ohitu ondoren, nabarmen igotzen duela bere laneko aprobetxamendua, inolako kuluxkarik egiten ez duenarekin konparatuz)