ALDERDIEN LEGEAREN AURKA
ALDERDIEN legearen aurkako mobilizazio garrantzitsua deitu da Bilbon ekainaren 15erako. Manifestazioa pertsona ezagunek deitu badute ere, Lizarra-Garaziko Akordioan partehartu zuten indar politiko eta sozial guztien babesa du. Ez da txantxetakoa lorpena, kontuan hartuta deitzaileen bloke horretan dauden tira-bira gogorrak. Kontraesanak, ordea, hor dira eta ez dirudi epe laburrean horiek gainditzeko baldintza objektiborik dagoenik.
HOZTU EGIN DA AJURIA ENEKO BILEREN GIROA
IBARRETXE lehendakariaren Ajuria Eneko bigarren bilerak ezin izan du etorkizunerako lerro argirik finkatu. Arkauten zinegotzien segurtasunaren ingurukoak Eusko Legebiltzarrari pasatu zaizkio, alderdi politikoen inguruko desadostasunak argi geratu dira, eta PSE-EEk bere politika duela erakusteko ahalegina ere bai, naiz eta ez duen lortzen PPren itzaletik aldentzea. Bigarren bilera honek garratzi gutxi izango bide du aurrera begira. Bat baino gehiago atera omen zen sentipen horrekin bileratik.
«GORA EUSKADI ETA ASKATASUNA» ETA «GORA ETA»
BATASUNA-KO buruzagi Arnaldo Otegiren Aberri Eguneko «Gora Euskadi eta askatasuna» oihuaren interpretazio interesatuena egiten ari dira Espainiako komunikabide garrantzitsuenak, Otegik «Gora ETA» oihukatu zuela esanez. Eta Espainiako Auzitegi Gorenak ere azken hau epaitu zuen, hori bai, oihuan iritzi delitua ikusiz baina ez terrorismo deliturik. Ebazpenak seguruenik oihartzun handia izango du aurrera begira ere. Beste antzerako kasu batzuetarako bide bat ireki du; hala ere, PPren gobernutik botere judizialari egindako eraso gogorrarekin epaile asko ere tentuz ibiliko da aurrerantzean.
PP ETA GAITZESPENA
INORK ez du zalantzan jartzen era bateko biolentzia gertaerak salatzeko PPk duen joera. Ezagutzen diren salbuespen batzuk ere badira, ordea. Espainiako Senatuan entzungai izan da horietako bat. Juan Adrian Gorostiza Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotzia da Mallorcako Artá herrian eta duela zenbait aste bere etxeari su eman zioten bere familia barruan zegoela. Sutea itzaltzea lortu zen eta ez zuen kalte pertsonalik eragin. Erasoari dagokionez, zinegotzi honek eta bere taldeak etxebizitza politiketan daramaten lerroarekin lotu dute. Kontua da Balear Irletako parlamentuak ezin izan zuela gaitzespen mozioa onartu, PPk bere alde egin ez zuelako.
GOSE GREBA ALCALA MECON
ALCALA Meco espetxeko euskal presoek bosgarren asteko gose greba beteko dute kartzelan haiek bizi dituzten erasoak eten daitezen eskatuz eta ziegetan banaka egoteko duten eskubidea berma dadila aldarrikatuz. Gose greba hirunaka egiten ari dira eta astero hiru presok lekukoa hartzen dio aurreko hirukoteari.
358 APAIZEN AGIRIA
GOTZAINENA gutxi izan ez bada, zazpi herrialdetako 358 euskal apaizek Euskal Herriak herri gisa dituen eskubideak gogorarazten duen agiria plazaratu dute. Agiria Fernando Sebastian Nafarroako gotzainak Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea zalantzan jarri ondoren hasi zen ehuntzen.
GOTZAINEN BEKATUA
EAEko gotzainen azterketa ez da aldendu orain arte euskal elizaren zati handienak egin ohi duen azterketetatik. Ohikoak esateaz gain, analisi ausart eta zorrotza egin du egun euskal gizarteak bizi duen egoeraz. Eta gizarteko beste eragile askok bezala, beldur agertu da, Alderdi Poliltikoen Legeak ekar dezakeenaz. Betiko lekuan, beraz. PP da Lege honekin eta beste gauza askorekin etengabe bere pentsamolde eta jokamoldeetan aurreratzen ari dena, gainerakoak atzean utziz. Eta duen nagusitasunarekin, aurreratze hori normaltzat finkatzen du gizartean -espainiarrean batez ere-, atzean geratutakoak atzerago dauden ‘terroristen laguntzat» joz.