Erakusketa honetako artistak Paristik datoz, baina erakusketa bera Londrestik datorrela esan genezake, bertako The Royal Academy of the Arts-ek antolatu baitu, Bilboko Guggenheimen titaniozko teilatupean eta BBVA Fundazioaren babesean. Iragan mendeko zazpi hamarkadetan Frantziako hiriburuan egindako 150 artisten 250 lan baino gehiago biltzen ditu erakusketak. Picasso espainiarra, Chagall eta Kandisky errusiarrak, Modigliani italiarra, Mondrian holandarra... eta euren arte lanak izan ziren Parisko korronteen protagonista. Denak ez dira frantsesak beraz. Izan ere, hiriaren edertasun eta erromantizismoak, bere tradizio kulturalak eta politika liberalak eta, gaur egun arraroa badirudi ere, bertako bizi-kostu merkeak erakarrita, bazter guztietako artistak bertara hurbildu ziren XX. mende osoan, Paris arteen hiriburu bihurtuz.
Erakusketetan denbora eta espazioan elkarrengandik urrun dauden lanak elkarren ondoan jarri eta ikuspegi historikoa baztertzeko joera nagusitu den garaiotan, erakusketa honek historiari heltzen dio, eta baita geografiari ere, erakusketa kronologikoki antolatua izateaz gain, Parisko hainbat auzoren arabera izan baita paratua. Auzoz auzo beraz, 70 urteko ibilbidea egin dugu Guggenheimeko bigarren solairuan barna.
Montmartre, 1900-1918.
Mendea jaio eta I. Mundu Gerrara bitarte
auzo hau izan zen abangoardiaren muina eta kubismoaren sorburua. Lehenago ere hainbat inpresionistaren gune izan ziren Lapin Agile eta Moulin-Rouge inguruak, baina mendea jaio berri zenean Picasso eta Braquek bertan hautsi zituzten mendebaldeko artearen perspektiba tradizionalaren egiturak. Objektuen fragmentazioaren hizkuntza bisual berriaren, kubismoaren, hariari jarraiki, Delaunayk Eiffel dorrea puskatan irudikatu zuen, baina kolore biziak erabiliz, Derainek lerro hauen gainean ipini dugun lanean egin zuen bezala.
Montparnasse, 1919-1939.
20ko hamarkadan Montmartreko klubak utzi eta La Coupole, Le Dôme edo La Rotonde Montparnasseko kafetegien inguruan bildu ziren artista eta idazleak. Parisko Eskola estilo tradizionalagora hurbildu zen, Picassoren hainbat lanetan edo Modiglianiren biluzietan islatzen den modura; Le Corbusier eta Ozenfantek makinaren aroarekin bat zetorren purismo sinpleari ekin zioten; Zurich sorburu izan zuen dadaismoa ere Senaren bazterretan zabaldu zen.
30eko hamarkadan Abstrakzio-Sorkunza taldea nagusitu zen, hots, Vantongerloo, Herbin, Mondrian edo Domelaren urdin, hori, gorri eta beltz koloreko konposizio geometrikoak.
Hamarkada berean, faxismoaren goraldiaren testuinguruan, Dalik eta gainerako surrealistek ametsak irudikatzeari ekin zioten auzo honetan.
Saint-Germain-des-Prés, 1940-1957.
Magritte, Masson, Ernst, Mondrian, Chagall eta beste hainbatek Paristik alde egin zuen II. Mundu Gerran. Picasso, ordea, ez zen rive gaucheko Saint-Germain auzotik mugitu. Eta existentzialismoa ere, Sartre buru zela, bertara bildu zen.
Gerraren gogortasunak izan zuen isla garai hartako artean. Braque, Bernard edo Buffeten obra goibelak dira horren isla, baita okupatzaileen errepresalia eta torturen lekuko izan zen Frautierren testigantzak ere.
40ko hamarkadaren bukaeran COBRA taldea sortu zen Jorn, Alechinsky eta Appelen eskutik. Parisko Eskolatik eta surrealismotik baztertu nahian, espresionismoari eta kolore bortitzei heldu zieten taldekideek. Baina surrealistak ere Parisera itzuli ziren apurka, eta Parisko Eskola indarberritu eta estilo eta artista ugari bildu zuen bere inguruan. Abstrakzio geometrikoak, op arteak eta arte zinetikoak euren ibilbidea egin zuten 50eko eta 60ko hamarkadatan. Eta Yves Klein artistak, aldiz, bere bide propioari ekin zion, pinturaren genero guztiak berritzeko saiakeran (bere kolore propioa eta guzti asmatu eta patentatu zuen, International Klein Blue, IKB, izenez).
Auzo Latinoa, 1958-1968.
60ko hamarkada iskanbilatsuak, Aljeriako Gerrak eta beste hainbat gertaera politikok, eragina izan zuten Parisen eta baita bertan jarduten zuten artistengan ere. Paris bera borroka politikoen gune bihurtu zen 68ko maiatz ezagunean eta Auzo Latinoko kaleak barrikadez eta gas negar-eragilez bete ziren. Villeglé, Tinguely eta beste batzuek Nouveaux Réalistes taldea sortu zuten, Duchampen readymade kontzeptua birrasmatuz eta artea eguneroko objektuetan oinarrituz.
Errealista berri hauen parean, eta hauen lana nabarmen gaitzetsiz, Figurazio Narratiboa talde ezkertiarra sortu zen. Aillaud, Arroyo, Recalcati eta beste batzuek mugimendu modernoaren amaiera eta pintura politiko berri baten premia islatu zuten euren lanetan.
70 urtez Paris izan zen artearen hiriburua, baina 68ko maiatzak nagusitasun horren gainbeherari eman zion hasiera