argia.eus
INPRIMATU
«Badirudi testua iruditan itsatsirik dagoela»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nori zuzenduta dago «Irri eta Barre»?
Liburu hau xumea, arina, laburra da, marrazkiz betea, eta irakurtzen ikasten ari diren edo ikasi berri duten haurrentzat egina izan da. Marrazkietan eta testuan, umorea da nagusi. Niri gustatuko litzaidake haur batek gauean, lo hartu aurretik, liburu honetako pasarte bat edo beste irakurtzea eta hurrengo goizean, haur hori alai-alai jaikitzea eta galdera hau egitea, adibidez, gurasoei: "Aita, ama, ezetz asmatu astoak zenbat hanka dituen!". Izan ere, astoak zortzi hanka baititu: bi aurrean, bi atzean, bi ezkerrean eta bi eskuinean.


Txistez osaturiko liburua dela esan nahi al duzu?
Ez, hau ez da txiste liburu huts bat. Hemen bertsoak, poematxoak, hitz-jokoak, igarkizunak, barrehiztegia eta txisteren bat edo beste aurkituko ditu liburu hau eskuetan hartzen duen haur, irakasle edo gurasoak. Norbaitek esango du, agian, liburu hau ikusita, ez dela gauza asko behar liburu bat egiteko, eta egia da. Nik uste dut gauzarik beharrezkoena liburua zuzendurik dagoen irakurlearekin ongi konektatzea dela. Ez dakit lortu dudan. Nire lankide batek, Manuk, haur txikientzat nik idatzitako pieza labur hauei "joxankeriak" deitzen die, eta burutik pasatu zitzaidan liburuari izenburu hori jartzea ere, baina ez nintzen ausartu. Nolanahi ere, oxala "joxankeria" hauek Euskal Herriko haur bati baino gehiagori irakurtzen ikasten, barre egiten eta ongi pasatzen laguntzen badio.

Eta zer deritzozu Jon Zabaletak egin duen lanari?
Izugarri lan ederra dela. Liburu honetan marrazkiak testua bezain garrantzitsuak dira; badirudi testua irudietan itsatsirik dagoela, eta hori ona da liburua haurrarentzat erakargarria izan dadin.