argia.eus
INPRIMATU
HIRUTASUN OPAROA
Jakoba Errekondo 2002ko ekainaren 02a
Transgenikoak gorabehera aspaldi honetan artoari (Zea mays) buruzko kontu ugari entzuten da. Artoak garrantzi itzela du mundu mailan. Bere jatorrizko herrietan, Hego Amerikan, adibidez jende askoren oinarrizko elikagaia da. Haziendak gizentzeko pentsuen osagai nagusienetakoa da. Duen garrantzi honegatixe ari dira barietate transgenikoak nola ahala sartu nahian, finean, diru asko darabilkielako. Hamazazpigarren mendearen hasieran artoa Euskal Herrira iritsi zenean txiro, gose bizi ziren baserrietara iraultza ekarri zuen. Urte osorako irina ziurtatzen zuen landare hau garia baino aiseago egokitu baitzen isurialde atlantiko berdeko lurretara. Mendetan euskaldunak artoa jan du eta horren arrasto ditugu egungo talo, arto-opil eta abar. Gerora haziendak elikatzeko erabili izan da. Baita ere babarrun -edo indaba- landarea eusteko, langintza honetan aritzen direnek bai baitakite nahiz eta lekari gutxixeago eman hauek askoz ere sanoagoak eta gozoagoak izango direla. Hirutasun perfektua osatzeko azpian kuiak landatu, hauek landare arteko tarteak estaliko dituzte, belar txarrei hazten utzi gabe eta jorra-lanak gutxituz. Oraindik baserriren batean ikusten da, soro berean, negurako etxe guztiarentzako erreserbak oparo osatzen dituen indaba-artoa-kuia hirukote hau