argia.eus
INPRIMATU
Jakes Bortairu, AEKko kidea
Jakes Bortairu, AEKko kidea
Jakes Bortayrou 2002ko ekainaren 02a
Antolakuntza Eskema sortu (1992. urtea) eta Garapen Kontseiluak bideratu duen Hitzarmen Berezia (2000. urtea) bitarteko denboraldi honen emaitza konkretuak aztertuz gero, bilana argi ilunez betea dugu. Hizkuntzari dagokionez, adibidez, ez da dudarik aintzinamendu garrantzitsuak gertatu direla, euskaltzaleen mobilizazio eta presioa tarteko. Hizkuntza politika, lurraldeko garapen orekatu bati begira, beste atalen ondoan onartu eta aitortua izan da. Horren gogoetatzeko elkargunea sortu da (Hizkuntza Kontseilua) eta diru laguntza berriak emanak izan zaizkie euskararen alde ari diren elkarte batzuei. Aldiz, erakunde publikoen aldetik hizkuntz politika hori deliberatzeko egitura eskas da oraindik, eta beren esku dauden neurri konkretu guziak ez dira bideratu. Diru laguntzak minimoetan gelditzen dira, euskarari berdintasun tratamendua eskaintzetik oso urrun. Estrategikoa den hezkuntza sisteman urrats mugatuak eman dira eta mende honen hasieran Iparraldeko haurren gehiengo zabalak ez du gure hizkuntzaren berri eskola denboran. Azkenik, euskara «legez kanpo» gelditzen da oraino, inolako babes ofizialik gabe eta euskaldunen hizkuntz eskubideek ukatuak jarraitzen dute.

Baina, bilana egiterakoan, prozesuak berak eragin dituen hainbat bilakaera politiko ere kontutan hartu behar dira. Alabaina Antolakuntza Eskeman parte hartu dutenek ariketa didaktikoan murgilduak egon dira eta askoren ikusmoldea aldatuz joan da. Lehen aldikotz jende ainitzentzat, Ipar Euskal Herria azterketa koadroa eta proiektu orokor baten esparrua izan da. Lurraldea, nortasun kolektiboa -eta euskara bereziki- eta garapen orekatua arras lotuak agertu dira hausnarketa guztian zehar. Horrez gain, etorkizuneko ildo estrategikoak definitzerakoan, horien bideratzeko baliabide politiko eta ekonomikoen gaiarekin topo egin dute partaide guztiek. Horrela, instituzioaren gaia (departamendua edo beste) albora ezina bihurtu da, ez ordu arte abertzaleen eskakizun gisa soilik, baizik eta behar konkretu bezala.
Galdera bat zintzilik gelditzen da halere: Antolakuntza Eskemak- eta oro har, prozesu osoak- zer funtzio bete izan duten Ipar Euskal Herriko bizi politikoan. Poderearen eta Iparraldeko klase politikoaren aldetik, beste aldaketa sakonagoak -Ipar Euskal Herriaren berezko instituzioa, besteak beste- saihesteko pentsatu eta kudeatua izan da: jendarteko hainbat sektore gogoetaldi eta egituretan inplikatu, denbora irabazi eta ahal bezain gauza gutti aldatu. Beste batzuen aldetik, berriz, energia eta indar ainitz xahutuak izan dira urrats ttipi eta lorpen didaktikoen bide honetan. Iritsi garen puntura iritsita, alde bakoitzak erdipurdiko balorazioa egiten ahal du. Irekitzen den fase honetan, ezagutu ditugun hautsi-mautsiek ba ote dute etorkizunik?