Sumatra uharte erakargarriko oihanetan bizi da Amorphophallus titanum deituriko landarea. 1878an Edoardo Beccari botanikari italiarrak igorrita iritsi ziren Europara landare honen lehen haziak. Haietatik sortutako lehen landarea Londreseko Kew lorategi ezagunera bidali eta 1889an bi metrotik gorako ezpata ikusgarri batez loratu zen. 1926an, bigarrenez garatu zenean sona itzela izan zuen ikuskizunak, jende desdetxa kontrolatzearren polizia ere deitu behar izan omen zuten-eta.
Landare hau suge-belarra, kalak, kalateak, filodendroak eta anturriunak bezala aroideoen familiakoa da. Bere lore haserrea zuzenean lurpeko erreboiletik garatzen da, eguneko hamar zentimetro inguru haziz, eta ezagutzen den era honetako handiena izateaz gain loraldirik ikusgarrienetzat jotzen da. Aipaturiko erreboila hogeita hamar bat kilokoa eta metro erdiko diametrokoa izaten da. Loreak guretzako haragi ustelaren tankerako kiratsa eta polinizatzera erakarri nahi dituen intsektuentzako usain ederra zabaltzen du. Hiru egunen buruan zimeldu egiten da, eta fruitu pinporta gorriak eman ala ez sei metro garai eta bost zabalduko den hosto bakar bat emango du. Garai batean lorearen usainagatik bereizten ziren aroideoak, honi "kirats jauna" deitzen diote ingelesek eta "hilotz lorea" Sumatran