argia.eus
INPRIMATU
ITSASERTZ GOZOAN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Woodwardia radicans Euskal Herrian dugun ira edo garo berezienetakoa izango dela dema egingo nuke. Gutako gehiengoari bezala itsasertza gustatzen zaio eta han bailaratxo estuak nahiago: euria erruz, etengabeko hezetasun oparoa, itzal gozoa, tenperatura aldaketa handirik ez eta, batez ere, hotzik ez. Erreka ondoetako ezponda eta basoetako lur azidoetan garatzen da. Adituek diotenaren arabera 400 metrotik gora ez omen dugu aurkituko. Gure arteko garorik garaiena da bi metrotik gora erraz hazi baitaiteke. Gaitasun deigarri bat dute hosto luze hauek, denboraren poderioz makurtu eta lurra ukitzen dutenean erreboila ezkatatsuak garatzen dituzte eta hortik landare berria sortuko da. Hemendik datorkio radicans abizena, haziez gain sustraituz ugaltzeko duen erraztasunagatik. Izena, Woodwardia, XVIII-XIX mendeetan bizi zen T. J. Woodward botanikari ingelesari ohore eginez jarritakoa du. Garo berezi honek mundu mailako interesa pizten du, toki oso jakin batzuetan besterik aurkitzen ez denez arrarotzat jotzen da eta egoera zaurgarrian dagoenez babestuta dago