argia.eus
INPRIMATU
«Euskal Herrian egiten den antzerkia interes handikoa da»
2002ko maiatzaren 19a
V alentziar hau 1981.ean hasi zen profesional gisa antzerki munduan, berak sortutako L’Om taldean. 1986an Els Joglars talde berritzailearekin aktore lanetan murgildu zen. Ordutik aktore eta zuzendari lanetan dabil konpainia ezberdinetan. Zuzendu dituen azken lanen artean dira Bertolt Brechten «Galileo» eta L'Om konpainiaren «La mujer invisible». Arrakasta dastatzeko aukera «Imprebís»ekin heldu zitzaion, inprobisazio huts den ikuskizunarekin, alegia.

Valentzian zein irudi du euskal antzerkiak?
Interes handiko antzerkia denaren ideia zabalduta dago. Badaude ikuskizun bat aurkezten duten bakoitzean ikusmina sortzen duten taldeak, Ur edo Tanttakaren kasuan bezala. Legaleón, Vaiven edo Taun Taun bezalako taldeak ere ezagunak dira han. Nire ustez oso oreka interesgarria dago hemen sorkuntza bera, sorkuntzaren sustapena eta proiektuak gauzatzeko aukeren artean. Gainera, hona etorri garen bakoitzean antzerki gosea duen publikoa topatu dugu.

Azaleko antzerkia ugaltzen ari ote da?

Ez dut uste. Egia da hor badagoela telebista bezalako gaitz endemiko bat, etengabe audientziak neurtzen eta fenomenoak sortzen dabilena. Honekin guztiarekin gizartea ergeltzen saiatzen ari dira. Hala ere, egoera honen aurrean zein aldetan jarri nahi duzun erabaki beharra dago. Niri esperientziak esan dit sakontasun handiko lanek ere ikusle asko erakartzen dutela. Jendeak denetarik ikusi nahi du.

Enkarguz lan egin duzu Vaivenentzat. Jada taldeak ez al du zentzurik?
Talde lanak beti izango du zentzua. Egia da antzerkia eta industriaren arteko uztarketak ekoizpen etxeen fenomenoa sortu duela. Hori ez zait berez txarra iruditzen, baldin eta formula huts bilakatzen ez badira. Niri lan bat eskaintzen didatenean, gainera, elkartrukatze gisa hartzen dut, ez enkargu gisa. Oso aberasgarria da giro ezberdinetako jendeak elkarrekin lan egitea