Karrantzako haran isolatuan abeltzainek etxabere bakoitzetik arraza bat sortu dute. Arrazak gizakiak egiten baititu nahiz eta ingurune natural batera moldatuak izan. Hala dio Fernando Orozcok ere arrazen definizioan: "Arraza, hala nahi edo ez, gizakiak egin du, nahiz eta inguruak partehartzea izan duen arraza horren hautaketa naturalean". XXI mendearen hasieran gure arbasoek utzi diguten ondarea ezagutu eta baloratu beharko genuke. Montxina behia, ahuntz azpi gorria, karrantzar ardi mutur beltza eta mutur zuria, Enkarterrietako asto eta txakur billanoa ditugu bertako arrazak.
Montxina ganadu suharra dugu, eraso egiten duen horietakoa. Neurri txikikoa eta gaztain kolorekoa. Egoera kritikoan dago. Ahuntz azpi gorria ere egoera kritikoan dago. Garaiera eskasekoak, buru sendo, bekoki zabal eta buztan motz eta arteza dute. Sabelaldea gorria dutelako deitzen zaie azpi gorri.
Karrantzar ardi mutur beltza desagertzeko arriskuan dago, bost artalde besterik ez dira geratzen, guztira 250 buru. Mutur zuria aldiz, arriskutik kanpo dago. Bi ardi barietateak oso ardi bikainak dira esnetarako. Hauen esnea eta latxarenak soilik erabiltzen dira Idiazabalgo gazta egiteko. Latxa arrazako ardia baino handixeagoak dira, belarri handi eta eroriekin.
Enkarterrietako astoa, atzerakadarik handiena jasan duen etxeko aberea da, gaur egungo mekanizazioa dela-eta. Egoera kritikoan dago. Altuera txikikoa da berau, gaztain kolorekoa edo beltza.
Azkenik, Enkarterrietako txakur billanoa dugu. Txakur harrapariak dira, behi montxino basatiak harrapatzen ondo irakatsiak. Ile motz eta gogorrekoak, azal "atigratua" edo "barreatua" dutela esan genezake. Hainbat koloretakoak izan daitezke, zuri, beltz edo gaztain kolorekoak. Oso animalia preziatuak dira, Enkarterrietako Billanoaren Klub Nazionala ere eratu baita