Espainiako Gobernuak langabetuentzako gizarte prestazioen erreforma proiektua bertan behera uzten ez badu, ekainean greba orokorra deitzeko mehatxua egin dute CCOO eta UGT espainiar sindikatuek. Sindikatu abertzaleak ere Aznarren Gobernuaren aurka greba orokor bat egiteko prest agertu dira, beti ere greba orokor hori sindikatu abertzaleen gehiengo batetik eta Euskal Herritik abiatuta egiten bada. Ez da izango greba orokorrerako keinua egin eta Gobernuarekin trikimaina ugariren ondoren hasierako planteamenduak eta langileen itxaropenak ezerezean geratzen diren lehen aldia. Beraz, keinu hau zertan geratzen den ikusi beharko da. Zera da egia: langabetuei egiten zaien bazterketa dela-eta arrazoi ugari daudela greba orokorrerako. Hala ere, Gobernua ezezik sindikatuak ere langabetuei egiten zaien bazterketaren erantzule dira, langabetuen sektoreaz ez direlako batere arduratzen eta eurek lehenesten duten sektorea langileena delako. Langabetuen zati handi batek ez du inolako laguntzarik jasotzen. Beste zati handi batek 52 urte izanez gero eta 15 urtez kotizatu badute, hilean 331 euroko soldata jasotzeko eskubidea dute, lanbide arteko gutxieneko soldata baino askoz ere gutxiago. Nola bizi daiteke inolako laguntzarik gabe? Zer egin dezake hilean 331 eurorekin familia bat aurrera atera behar duen aita batek?