Juan Luis Zabalak honakoa zioen «Euskaldunon Egunkaria»n Joseba Sarrionandiak jasotako Kritika Sariaren inguruan:
«Madrilen min egin du, itxuraz behintzat, Joseba Sarrionandiak, "Lagun izoztua" nobela dela bide, Espainiako Literatur Kritikarien Elkartearen eskutik euskarazko narratibaren alorreko Kritikaren saria jaso izanak. Etzanarazi egin ditut jaso eta eskutik hitzak, berez sari hori irabazten duten idazleek ez baitute inoren eskutik deus ere jasotzen; liburuak hartzen duen bultzada mediatikoa da, berez, sariaren funts bakarra, nik dakidala behintzat. Beharrik! Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izenburu idatziko zituzketen bestela.
Ez zekitela Sarrionandia etarra zenik esan behar izan dute, kazetariek larritasuneraino estututa, Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteko arduradunek, obra bat saritu dutela, "inondik ere ez idazlearen ibilbide politikoa". Pilar del Castillo Espainiako Kultura ministroa, berriz, "harrituta" agertu da, eta "zuritzen zaila" iritzi dio saridun Sarrionandia izendatzeari. Ez zaio, itxuraz, burutik pasatu ere egin erabakiaren egokitasuna epaitu aurretik ‘Lagun izoztua’ gaztelaniaratuta irakurri beharko lukeela esatea. Errespetua eta lotsa, auzoan. Ez dago zirrikiturik, ezta komeni denean ahoa bete-bete eginda goratu ohi duten sormen literario librearentzat ere (...)».