argia.eus
INPRIMATU
KOSTA
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 21a
Ahala kosta, merkeena. Gerra galdutakoengandik jasoak indarrean dirau. Andaluziako Aljeciraseko itsas portuan Espainiako aduaneroek atzeman omen dituzte hamarna mila txandal Barça-Nike eta Real Madrid-Adidas. Beren denbora merke saltzen dutenen herrialdeetatik omen zekarten kargamentua kontainerretan, eta nahiz garestiago kobratzen dugunon kontsumorako propio ekoiztua izan, dena lurperatu egin omen dute. Ez dute inportatzailearen berri eman. Le Pentarrak harrotzen ari zaizkigun garaiotan, sosak dira, etengabe isilean azpiz airetik bidaiatzen dutenak, aduaneroen gainetik eta agintari politiko asegaitzen konplizitatez. Eta noizbehinka eskandaluren batek lasaitzen dizkigu barrenak, demokrazian bizi garenarena bizieratzat baino sinesmentzat behar baitugu. Eta erlijio honen salbatzailea egun Frantzian Chirac dugu, politiko usteletan ustelarena izaten zaila baldin badu ere, ustela bera. Hala ere haizea bere alde Frantzia Handia baita jokoan dagoena, ezker eskuin goiti beti bilduko ditu bozak, paraje hauetan frantses nazionalista baita airea ere. Le pain de la patrie