argia.eus
INPRIMATU
«Niri irakurtzea gustatuko litzaidakeena idatzi dut»
Pilar Iparragirre 2002ko apirilaren 28a
Nola definituko zenuke liburua?
Nobela bat da, nobela laburra nahi bada. Ez dakit gazteentzako edo helduentzako den. Muga bat jartzekotan, nik pentsatzen dut 13-14 urteetan jarri litekeela, ordura arte pertsona haurra edo izaten delako, baina behin adin horretan, argi bat pizten da bere baitan eta gauzak beste era batera ulertzen hasten da, bera nor den ezagutzen, zer gustatzen zaion garbiago jakiten. Pertsona da, eta pertsona izaten jarraituko du bere bizitza guztian. Orduan, haur eta gazte literaturan egiten diren sailkapenak niretzat ez dira oso egokiak. Gogoan dut, 15-16 urte genituela, gazte literaturarik ez zela existitzen, eta harrapatzen genituen guztiak irakurtzen genituela, berdin Baroja, Jack Keruack edota Bakuninen "Dios y el Estado". Gaur egun, berriz, dena oso sailkatua ematen da, joera hori dago. Baina nik nobela hau idazterakoan ez nuen gehiegi pentsatu irakurriko zuenak adin hori edukiko zuenik. Niri irakurtzea gustatuko litzaidakeen nobela bat idatzi dut.

Zer aipatuko zenuke bere gaiaz?
Haurdun dagoen 18 urteko neska baten inguruan da. Hasieran ez daki haurra eduki edo ez. Gero, erabaki bat hartzen du, eta haurdunaldia bere bizitza errepasatzeko aitzaki bat bihurtzen da berarentzat, eta egunkari bat idazten hasten da.

Eta zer azaltzen du egunkari horretan?
Adin horretan, batez ere gurasoak, lagunak, eta maitasun harremanak dira garrantzitsu, eta hiru harreman mota horien inguruan egiten du neska horrek errepasoa. Eta horrekin batera, borroka bat aurkezten da, gizarteak beregan duen eragina eta berak egin nahi dituen gauzen artean sortzen den borroka.