argia.eus
INPRIMATU
HAUTU
Joxemari Ostolaza 2002ko apirilaren 28a
Bakarrean ibili garenontzat, aurrerantzean ere bere horretara kondenatzen gaituztela. Hauteskundea joan bozka jin, ezker abertzaleari eman dizkiogu gureak, gure ustez zintzo eta ezinbestean. Eta badirudi gauzatua digutela gure parte ez hartzea. Ez omen dugu gure gustuko hauturik izanen, Batasunari bere aurkeztea eragoztean, xehetasunak xehetasun ni behintzat ez jokotik, baizik eta estadiotik kanpo uzten naute. Beraz ezingo dut jokatu. Gure artekoan egoskorraldiak, onenean, goia jo duen garaian eta horren ondorengo flakiak baliatuz, publikoki talenturik gabeko irain mozkorraldian elkarren aurka ikusten gaituztela, kartarik gabe utzi eta hordagoa jotzen digute guk onartuko dugulakoan edo. Eta gure auzoko bikien antzera jokatzea agintzen dit barrenak: haien artekoan hobe zenuen ez sartzea, kakaztuta aterako zinen eta. Eta haiek gabean ez zenuen auzoan partidarik jokatuko, baloiak zulatu eta pilotak desagertuko baitziren. Denok ala inor ez. Alta, behingoan, norgurekeriak beste baterako lagata nor eta zer garen erakusteko gauza izanen gara. Inor baztertu eta inor iraindu gabe. Adimen kontua