argia.eus
INPRIMATU
Gaizki hartuak egokitu nahian
Pilar Iparragirre 2002ko apirilaren 28a
Ondo, gaizki nahiz erdipurdi, aurrera zihoan gure arbasoen lurraldean bizi ziren guztien historia 1972ko udaberri hartan ere. Jakina, beste edozein garaietan bezala, ez zen inguruan kezkabiderik falta, ezta ZERUKO ARGIAn lanean ari zirenentzat ere, Amatiñok bere "Zenbat gara 72" sailean agertzen zuenagatik.


TXIRTXIL HITZAREN ESANAHIAK

"Aste mugitua izan dugu, irakurle, azken hau. Trikitixa dela eta ez dela, edo batek daki zergatik, ‘Amatiño’ izena dantzan ari da, saltoka, ipar haizeak orbelak dantzarazten dituen bezalaxe. Behar ez den tokietan aipua behin eta berriz (El Diario Vasco), bertan erantzuteko eskubidea galerazten digutela gainera. Baina badago gehiago ere. Aste honetan, lau irakurleren gutunak jaso ditugu, baita Debako berri-emaile den Idiakez adiskidearen bisita ere. Baina aipa ditzagun gaurkoz gutunak, eta utz ditzagun beste batetarako Idiakez jaunak proposatu zizkigunak".
Jasotako azken ezusteetatik aukera egiten zuen Luis Alberto Aranberrik, eta zilegi bekigu guri ere beste horrenbeste egitea, espazio kontua dela-eta. Beraz, Amatiñok kontuan hartzen zituen gutunetatik bi baino ez ditugu hemen jasoko. Hona hemen lehena:
«Orioko seme den L. E. jaunak idazten digu. Oroituko zarenez, irakurle, ‘Goiz Argi’ aldizkarian barrena Azkarraga-tar Peli izeneko idazle ezezagunak hauzitan jartzen zuen Euskaltzaindiaren jokaera. Zenbait argitasun eskatzen zioten Euskaltzaindiari, bai 'Goiz Argi'ko zuzendaritzak, baita Azkarragatar Peli delakoak ere. Guk ere, era berean, beste argitasun bat eskatzen genion ‘Goiz Argi’ aldizkariari, alegia nor txirtxil ote zen Azkarraga-tar Peli delako hori?».
Baina Amatiñorentzat «Goiz Argi»ko idazle horri deitzeko era egokia zena, iraintzat hartu zuenik ere bazen, itxura guztien arabera.
«Oriotorrak, gehiegi iritzita edo, honela idazten digu: «Zergatik ezezaguna diagun Azkarraga-tar Peli honi txirtxil itza leporatu? Txirtxil, zera duk nire ustez: Zarpail, purtzil, arlote, baldres, lotsagabe, nabarmen, alke-gabe, lotsagaldu…».
Zer erantzun dezake batek horrelako salaketa baten aurrean? Amatiñok orduan behintzat, hauxe: «Gutiena litzake irakurle soil batek honelako zentzua ematea txirtxil hitzari. Baina, beldur naiz, oriotar batek horrela uste duelarik, ez ote duen berdin ulertuko beste zenbait giputzek, baita Peli berak ere. Eta honela gertatuko balitz, azalpenen bat eman beharrean aurkituko ginake, gure esangura guztiz bestelakorik bait zen. Irakurle espabilatua ohartuko zen, oraingoz, sail honetan darabilgun hiztegi murriztuaz. Ez dakigu, uste zuzenez ala okerrez, baina ez dugu nahi izaten hiztegitan hitz bila denbora alferrik galtzerik. Grafiazko hiztegiak darabilzkigu eskuartean, ez esanahiezkoak. Geure baitan sortzen zaizkigunak jartzen ditugu, ez besterik. Eta behar bada, zenbait zentzutan, txirtxil oriotarrak dioen esangura izan dezake; guretzat, ordea, askoz ere errazago, laburrago eta txiroago da».
Zein ote Amatiñok txirtxil hitzari ematen zion esanahia? «Umeak ginela, Arrate hegalean ihardun ohi genduen, zulorik zulo txirtxil bila. Txirtxila, udaberrian ugaldu ohi zen (eta den) mamorro txiki bat zen. ‘Kri-kri-kri’ egiten zuena. Zelaietan barrena zulo txikietan ezkutatzen zen, eta ziritxo batez atera ohi genduen kanpora (sarri zulora txisa eginez ere bai). Beraz, txirtxilari hitz garbia deritzagu. Hots, ezkutu lekutik ‘kri-kri-kri’ egiten duena eta ziri batez irtenarazi behar dioguna. Ez ahal da halakoren bat gure Azkarraga-tar Peli?».
Kilker deitzeagatik inor haserratuko ez zitzaiolakoan zegoen Amatiño, antza. Eta, bestela bazen ere, enbido: «Txarrenean ere, barkatuko ahal gaituzte gure gipuzkoar garbiok bizkaierazko hitz bat erabili dugulako? Ez digu behintzat orain inork ukatuko, batasun beharrik dugunik. Ala bai?».


BEHOBIA PAUSOA OTE?

Beste gutuna Donostiatik iritsi omen zitzaion. Hamaika kontu aipatzen zituen Amatiñok bere sailean, eta haietako batean, halako polemika kutsuko gorabehera bat jasoa zuen nonbait, hots, ea Behobia euskal izena zen ala Pausoa deitu behar ote zitzaion "oraintsu euskal idazle batek esan digunez". Bada, auzi hartaz, bazuen zer esana Amatiñori idatzi zion donostiarrak:
"Azkenekoan Behobiaz jardun zara. Ba-dakakiza h euskerak frantsesetik hartua zuela bota zigutela behin. D. Manuel'n etimolojiarekin (Beko-ibia) ere enago konforme. Enetzat Behobia behor-ibia da, hots, vado de las yeguas, zeren behor-ek konposiziñoan azken r galtzen baitu maiz. Honela, Behobide, Behotegi, Behogain (Aralar'ko tontor bat)… behor-bide, behor-tegi, behor-gain dira"

Maiatzak 1
Paulo VI, 1972-IV-30

Lurra, bakoitzari bere bizibiderako eta bere aurrerabiderako tresnak eskuratzeko egiña baldin bada, gizon guziek eskubidea daukate lur ortan behar dutena arkitzeko. Eskubide onen mendekoak dira beste eskubide guziak, diranak dirala. Auen artean, jabetasunaren eskubidea eta salerosketako askatasuna daude. (...) Ez dago iñolako arrazoirik, nork bere beharrak asetzeko behar duanaz gaiñetikoa ere bere onerako gordetzeko, besteak behar dutenik ere gabe dauden bitartean. Itz batean esateko: jabetzaren eskubidea ez diteke erabilli guzien onaren kaltean. Baiña tamalez, gizartearen egoera berri onen gaiñetik, ekonomiaren aurrerabiderako eragillerik berezkoena "bakoitzaren probetxua" dala uste duan sistema bat altxa da. (...) Frenurik gabeko liberalkeria au diktadurarako bide da, eta diruaren agintekeria internazionalaren sortzailletzat zuzenki salatua utzi zuan Pio IXgarrenak (...)

Barruak ez dit agintzen
Kapitan jaun orokor agurgarria: Hil honen aurreneko egunean atera nintzan Jaengo kartzelatik, hamabost hillabete igaro ondoren, nere katoliko izateak soldaduskara joatea debekatzen zidalako. Aurrez bidali nizun eskutitza nere arrazoiak agertuz. Kartzelatik kanpora ateratzeko agindua hartu nuen egun berean hartu nuen soldaduskarako deia ere berriro. Lehen epaitu ninduen mitilar auziko aholkulariak ez nuela aurkeztu behar ere soldaduskara joateko asmorik ez banuen, esan zidan. Horixe egin dut oraingoan, ez bait dut soldaduskara joateko asmorik; baiña baikorra dela nere ekintza azaldu nahi dizut. Zuk badakizu zazpi milloi-ta erdi analfabeto eta milloi bat ume eskolarik gabe daudela Españan. Horregatik etorri naiz hori guztia gertatzen dan bazter hontara bizitzera. (...) Hogei-ta hamar millla bizilagun ditu, etorkiñak gehienak, irakurtzen eta idazten ez dakitenak asko. Lau milla ume daude sei urtetik hamalau bitartekoak; bostehun haur bakarrik hartzen dituen eskola nazional bat besterik ez dago. (...) Beste lan askoren artean hauxe da aberriaren zerbitzuan guk egingo dugun lan bat, barruak agintzen ez digulako soldaduskara joan nahi ez dugunok zuek giltzapean sartuko ez bagintuzue. (...) Ez dut ihes egingo. Ez naiz gordeko. (...) Jakin dezazun, Barrio dels Orriols, Duque de Mandas kalean, 18an, 6 garren atean, Valencian, bizi naiz (...) (1972-IV-30)

Jabon lagarto
Etxeko-andre: iraun arazi zure arropei onoko jaboi onekin:

Iragarkia, 1972-IV-30
Jabon Lagarto.
Zure garbiketa makinaz egiten ba'dezu, Atomizado Lagarto jaboia erabilli beti.
Eskuz ba'zabiltz, Lagarto jaboia bear dezu erosi.
Jabon Lagarto, garbiketarako jaboi bakarra.
Etxeko-andrearentzat neskamerik egokiena