argia.eus
INPRIMATU
Zenbat buru hainbat menu
2002ko apirilaren 21
Padura oso ekosistema produktiboa da eta bertako energia gehien ustiatzen dutenak arrainak eta hegaztiak dira. Arrainen artean alebinek edo gaztetxoenek erabiltzen dute padura bizi eta elikatzeko: aingirek, korrokoiek, lupiek, urraburuek eta lengoraduek gehienbat. Hala ere, padurak ospetsu bihurtzen dituenak hegaztiak dira. Batzuek urte osoan erabiltzen dituzte bertako baliabideak, besteek aldiz, urtero burutzen dituzten migrazio luzeetan atsedenleku modura erabiltzen dute padura. Ekosistema honek eskaintzen dituen baliabide anitzak direla-eta, behar eta portaera oso desberdinak dituzten hegaztiak daude. Bakoitzak bere modura ustiatzen du ingurua txoko ekologiko ezberdinetan.

- Limikolak: lurperaturik edo erdi lurperaturik bizi diren ornogabeetaz elikatzen dira eta Charadriiformen ordeneko hegaztiak dira kurlinta handitik (56 cm) txirrira (13cm). Gehienak Europako erdialde edo iparraldetik datozenak izan ohi dira. Kumatze lekuak hozten direnean paduretara etortzen dira bizitzera. Itsasoa goian dagoenean hondartza eta padura ertzetan hartzen dute atseden, baina, itsasoa jaitsi bezain pronto areatzean eta lohietan, anelido (zizare), krustazeo (karramarro) eta moluskuz (barraskilo, lapa, txirla) elikatzen hasten dira. Limikola gehienek gune desberdinetan bilatzen dituzte jaki goxo hauek. Tamaina, hanken luzera eta batez ere, mokoaren forma, goraka edo beheraka okertua dutelako bereizten dira hegazti hauek. Kurlintek esate baterako beheraka okertua dute mokoa eta kuliskek aldiz, goraka. Mokoaren luzeraren arabera lohitan gehiago sartu ahal izango dute mokoa eta hanken luzeraren arabera ur geruzan gehiago sartuko dira. Hala eta guztiz ere askotan marearteko gunean kuliskak, kuliska zuriak, txirriak eta txirritxoak batera bazkatzen ikus daitezke.
- Iragazleak: Iragazki batez baliaturik ura iragazten dute. Uretan aurkitzen diren partikulen artean, molusku, arrain ttipi eta krustazeoak bereiztuz elikatzen direnak dira. Gutxi dira Urdaibain horrela elikatzen diren hegaztiak: abozeta, paita zuria eta mokozabala, hain zuzen ere. Abozeta izatez limikolen artean dago baina bere elikatze modua dela eta iragazlea dela esan daiteke. Mokozabalek Herbehereetatik hegoaldera doazenean egun bat edo biko geldialdia egiten dute. Hegazti honek sekulako itzala egiten du eta arriskupetik ateratzeko nahiak bultzatuta Urdaibairen babes izendapena lortu zuen. Bere izenak dioen moduan mokoa zabala du eta padurako ura iragaziz ezkailu eta arraintxo txikiz elikatzen da.
- Arrantzaleak: Hegazti mota desberdinek osatzen dute talde hau baina guztiak arrainak arrantzatu eta hauetaz elikatzen dira. Lertxunak eta ubarroiak dira hemen arrain gehien eta handienak arrantzatzen dituztenak. Lertxuntxoak, bere izenak adierazten digun moduan txikiagoak dira eta arrain txikiagoak eta ornogabeak jaten ditu. Martin arrantzalea ere ibai eta erreketako arrantzale porrokatua izan arren, hotzetik babesteko paduretara jaisten da. Hegan doazela harrapakina ikusi eta zuzenean uretaratzen direnak txenadak dira. Baina, arrantzalerik ederrenetarikoena eta galtzeko arriskuan dagoena arrano arrantzalea dugu, migratzailea da eta Europa osoan arriskupean dago.
- Anatidoak: Belar asko jan arren ez dute soilik belarra jaten, antzarak esaterako, belar, hazi eta patatetaz elikatzen dira. Batzuk algak jaten dituzte eta beste batzuk ornogabeak soilik jaten dituzte.
- Orojaleak: Denetik jaten dutenak dira, topatzen dutenarekin konformatu eta jan. Ugari dira gure artean eta oso ezagunak batzuk; kaioak edo itsastxoriak, esate baterako .
Ikusi dugunez paduran mila menu desberdin daude eta menu bakoitzerako hegazti mota bat. Itzelezko aberastasun hau mantentzeko padura mantendu behar da