argia.eus
INPRIMATU
«e-Book» terminoa
2002ko apirilaren 21
Interneten irakurgai dauden liburuen inguruan berba egitean, maiz agertu ohi da "eBook" terminoa. Susa argitaletxearen web guneaz hitz egiten genuen bitartean, bere iritziz «eBook» edo liburu elektronikoaren definizio zuzena zein den galdetu diogu Josu Landari, sarri irakurri baitugu eBook delakoa interneten komertzializatua izateko prestatua izan den liburu digitalizatua dela, eta berau irakurri ahal izateko Adobe Acrobat eBook Reader edo Microsoft Reader softwareak behar direla. Landaren hitzetan, "definizio horren atzean enpresa handi batzuen helburu ekonomikoak daude". Gainera, "eBook" terminoa baino "liburu elektronikoa" hobesten duela esan digu, eta bere ustez "euskarri elektronikoa duten liburu guztiak" direla liburu elektronikoak, horiek irakurtzeko ordaindu beharra edota software jakin bat deskargatu beharra izan nahiz ez izan.

Bide batez, gurekin dagoela aprobetxatuz, idazle gazteak internetek eskaintzen dituen aukerez baliatuko ote diren galdetu diogu Josu Landari. Gai honi dagokionez nahiko ezkor agertzen da. Bere iritziz, "argitaletxeek ez dute interes gehiegirik, liburu bat interneten salgai paratzeak kostu txikia suposatzen duen arren, lor daitezkeen irabaziak ere urriak baitira". Gainera, dioenez, idazleek eurek ere ez dute interesik. Idazleen «banitatea" aipatu du egoera azaltzeko. Landaren hitzetan, "idazleek badute ezin aitortuzko desio bat, zeina euren lanak argitaratuta ikustea den". Alegia, prentsaurreko batetan aurkeztu ostean dendetan salgai daudela ikustea, eskuan izatea...
Adobe Acrobat eBook Reader: www.adobe.com
Microsoft Reader: www.microsoft.com/reader