HIZKUNTZAREN ATALARI GUTXIAGO
Ipar Euskal Herriko Hitzarmen Bereziko Gidaritza Batzordea osatzen duen Obragintza Publikoak Hitzarmen Bereziko 56 egitasmoetatik 30 onartu dira eta sail bakoitzak izango dituen partidak zehaztu ditu. Hizkuntza atalari dagokionez, esan daiteke sail desberdinek Hizkuntza Kontseilua izan ezik, oro har, hitzartutakoa baino diru gutxiago eskuratuko dutela.
KAFE ANTZOKIA ONDARROAN
Zenbat Gara elkarteak beste Kafe Antzoki bat zabaldu du, oraingoan Ondarroan. Ekimen honekin euskal giroko bilgunea eskaini nahi zaio inguru horretako biztanleriari, nagusiki erdal giroan bizi den jendeari. Batez ere kultur sorkuntzarako espazio bat izango da, eta ume, gazte zein helduei zuzendutako ekitaldiak hartuko ditu. Egitasmo honek Ondarroan zabaldu berri den Arrigorri ostatuarekin lotura zuzena izango du.
BIZKAIERA HUTSEZKO ALDIZKARIA SAREAN
Bizkai kultur elkarteko ordezkariek bizkaiera hutsezko lehen aldizkari elektronikoa aurkeztu dute: www.bizkaie.biz. Aldizkaria bizkaiera sustatzeko asmoz jaio da, haren normalizazioaren bidean beste urrats bat egiteko eta entretenimendurako. Hamabostekaria izango da eta orotariko informazioa emango badu ere, kultura gaiak landuko ditu batez ere.
HIZKUNTZA ESKUBIDEEN EGUNA
Hizkuntza eskubideen eguna ospatuko du Lea-Artibai eta Busturialdeko EHEk apirilaren 20an, Gernikan. Ekitaldi andana izango da goizeko hamaiketatik aurrera. «Izan zirelako gara, garelako izango dira» lemapean, euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea aldarrikatuko dute.