argia.eus
INPRIMATU
ALZHEIMERRA ARINTZEKO
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Amma Mutilva Zentro Gerontologikoko zuzendaria den Lurdes Gorrichok Nafarroako Memori Unitatea aurkeztu zuen. Alzheimer gaitzak jota dauden gaixoen eguneroko ahanzturak eta oroimen zuloak hobetzeko asmoarekin antolatu da unitatea. Nafarroan (baita Euskal Herria osoan ere) aitzindaria den zerbitzu horren aurkezpenean, Memori Unitateko koordinatzailea izango den Jose Joaquin Roldan ere mintzatu zen. Bera izango da atentzio medikoa, psikologia zerbitzuak, fisioterapia, gizarte lana, terapia okupazionala eta erizaintzako zerbitzuak eskainiko dituen diziplina anitzeko taldearen arduraduna.

Memori Unitate honetan, pazienteak psikoestimulazioko programa desberdinak jasoko ditu: oroimena lantzeko tailerrak, musikoterapia, jarduera fisikoa lantzeko jokoak eta gorputz-eskema jorratzeko ariketa eta jolasak. Programa horiek guztiak mugimenduak planifikatu, bideratu eta egokitzeko intentzioz landuko dira, betiere estimulazio psikomotorea bilatuz. Unitate honek garrantzi handia ematen dio diagnostiko goiztiarrari: horretarako, 20 eguneko epe bat definitu da, gehienez ere, lehenengo kontsultatik abiatuta, eta epe horretan talde medikoak pazientearen ebaluazio neuropsikologikoa egingo du, ondoren tratamendua proposatzeko.
Eta terapiako prozesuaren barruan, Alzheimer-ak jotako gaixoen familiei laguntzako taldeak eta informazioko zerbitzuak eskainiko zaizkie, gaixotasunaren prozesua ulertzen laguntzeko eta gaixoarekin batera bizitzea errazago gerta dakien. Horrez gain, beren etxeak egokitzeko ikasketa osoa eskainiko zaie, ondoren gaixoaren egoerara moldatu ahal izateko. Laguntza teknikoa (gurpil-aulkiak, taka-takak, eta abar), eta baliabide eta prestazio sozialei buruzkoa ere emango zaie