TENTSIOA, ARGI-ILUNAK ETA DESBERDINTASUNAK
Joseba Andoni Urdaniz bizkarzainaren hilketak beste behin jarri du agerian Euskal Herrian bizi den tentsio maila. Oraingoan, ustez, Urdanizek etakidetzat hartu zituen guardia zibilek hil zuten bizkarzain beratarra, oraindik argi-ilun ugariz jositako tiroketaren ondorioz. Gertakizunek argi erakutsi dute Euskal Herrian bizi den tentsio maila. Eta baita beste zenbait gauza ere, besteak beste, polizi indarren arteko koordinazio eza eta, behin eta berriz aurkakoa esan arren, heriotz guztien berdintasun eza; Urdanizen hileta elizkizunei agintariek emandako tratamendua horren lekuko.
ETA-K GOGOR KRITIKATU DITU AB, ARALAR, ZUTIK ETA BATZARRE
ABERRI Egunaren ondoren, eta haren haritik tiraka, aspaldi ez bezalako lehia politikoa antzeman daiteke ezker abertzalearen talde desberdinen artean. Aralar eta ABri -Zutik eta Batzarre ere aipatuz- ETAk egindako kritika eta akusazio gogorrak izan dira borroka politiko horren adierazle esanguratsuenak. ETAren komunikatuak era guztietako interpretazioak eragin ditu -lausoenetik gogorrenera- eta aipatu lau alderdi politikoek, markatutako bidetik joko dutela jakinarazi dute. Ezker abertzalea zatitu eta bide itsuan abiarazi nahi izatea, etsaia laguntzea eta Lizarra-Garaziko espirituari iruzur egitea leporaten die ETAk, beste askoren artean.
PALESTINAREN ALDE
PALESTINARREN alde agian inoiz egon den oihartzun maila handiena lortu da Euskal Herrian. Komunikabideen jarduna, sindikatu eta bestelako erakundeen jardun bateratua -euskal sindikatu guztien argazki historikoa lortuz, bidenabar-, kale mobilizazioak... Gaitza litzateke topatzea euskal gizartean halako oihartzunik lortu duen nazioarteko gatazka bat. Israelen erasoaren tamainak azaldu dezake hau neurri batean; aldi berean, EHNEko Paul Nicholson Arafaten alboan egotea eta gertakari honen sozializazio handia ere funtsezkoa izan da lortu den oihartzun mailan.
BATASUNA LEGEZ KANPO UZTEKO AURRE LEGE PROIEKTUA
BATASUNA legez kanpo uzteko aurre lege proiektua hilaren bukaerarako prest izan nahiko luke PPk, gero ahalik eta azkarren Diputatuen Kongresura pasa dadin. Aurretik, dena den, Espainiako Gobernuak Estatuko Kontseilu Nagusiaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldeko txostenak behar ditu. PPk ez du arazorik Diputatuen Kongresuan legea aurrera ateratzeko, baina edukiaren legea dela eta oraindik ez du adostasun osoa lortu PSOErekin, nahiz eta alderdi hau ere legea egitearen aldekoa den. Batasunak, bestalde, ukatu egin du bere talde parlamentarioen izendapen aldaketak (Sozialista Abertzaleak) balizko ilegalizazioarekin zerikusirik duenik.
TORTURA SALAKETAK
ETA-REKIN ustez zerikusia izatearen ondorioz atxilotutako gehienek, Guardia Zibilaren eskuetan izandako inkomunikazio tarte luze eta ilun horretan jasandako torturak eta tratu txarrak salatu dituzte. Azpimarratzekoa da TERMOMETROA
eraso sexualen erabilera. Unai eta Iñaki Bilbaok, esate batera, egur batekin bortxatuak izan zirela jakinarazi dute. Halaber, Susana Atxaerandio, Uxue Olaia eta Eider Ijurkok gainerako kolpe eta mehatxuen artean eraso sexulakak jasan zituztela salatu dute.
LEHENDAKARITZARAKO LASTERKETA HASI DA FRANTZIAN
HAMASEI pertsona saiatuko dira Frantziako lehendakari izaten, lehendakaritzarako inoiz izan den hautagai kopuru handiena. Hautaketa bi txandatan egiten da, lehenengoa datorren apirilaren 21ean izango da eta bigarrena -bi hautagai bozkatuenen artean erabakitzeko- maiatzaren 5ean. Jacques Chirac Frantziako egungo lehendakaria (RPR) eta Lionel Jospin lehen ministroaren (PS) arteko lehia izango da nagusiki eta inkesten arabera biak oso parekatuak doaz. Euskal alderdiei dagokienez, Batasunak duela gutxi iragarri du azkenean hauteskundeetara aurkeztuko dela, nahiz eta ez duen hautagairik aurkeztuko.