argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2002ko apirilaren 14a
Xabier Letek honakoa zioen Pagoartek plazaratzen duen «Pagourte» izeneko urtekarian eginiko elkarrizketan:
« (...) Heideggerrek badu esaldi oso polit bat. Hizkuntzak beti eskura edukitzeko direla esaten zuen, ez dutela egon behar soilik hiztegi, akademia edo jakintsuen ahoan. Zioen hizkuntza tresna bat dela eta eskura egon behar duela. Eta nik esango dut hizkuntzak egon behar duela eskura, ahora eta belarrira. (...) Poesian nik ez dakit mintzatu daitekeen gaiaz. Uste dut gaiaz baino gehiago giroaz hitz egin behar dela. Ni azken urteotako poesian saiatzen naiz nire barruan daramatzadan gauzarik garrantzitsuenak azaltzen. (...) Kantatu ere egin behar da, beste gauza asko egin behar diren bezala Euskal Herri honetan. Gu horretan ari gara urte luzez, eta zergatik ez jarraitu? Jende askok egiten du, gero eta gehiagok, esaterako, jende gazteak. Baina guk, lehengoek ere, ez dugu zergatik etsi behar. Gainera, oholtza gainetik zerbait egitea gauza fuertea da. Indartsua. Handitu egiten zara oholtza gainean, jainkotu egiten zara, jainko txiki bat bezala sentitzen zara, oso inportantea. Han transfiguratu bezala egiten zara, liturgia oso berezi bat ofiziatzen ari bazina bezala. Horrek asko exaltatzen zaitu, eta horrek ere badu bere garrantzia. Han gainean zaudenean, oso handia sentitzen zara. Gero, bukatu eta etxera joaten zarenean, erabat miserablea sentitzen zara (...)».