KANTOREA.- Ama islamzale batek bere alaba ezkontzarako saldu nahi izan du. HERRIA.- Ez dut ulertzen. K.- Ez dakit nongo herrian inork eskola batean tiroka egin du eta hirurogei zauritu gertatu (ez suertatu, noski) dira.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Gazte batzuk, pilulak kiloka hartuta eta apustua irabazi beharrez, autoz kontrako norabidean abiatu dira autopista batean, aurrez aurre kamioi batekin jota, bost lagun hilda geratu arte.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Geurean, hemeretzi urteko gazteak, ezagutzen ez duen zinegotzi baten kopetan pistola jarrita, tiro egin dio eta akabatu.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Larogeita hemeretzi urteko emakumea hilda agertu da eta bere zakurrek erdi janda, zaborrez eta zikinez usteldutako bere etxean, mesanotxean iada balioa galdutako hirurogeita bi miloi pezeta zituela.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Apaiz batek bere homosexualitatea aldarrikatu du eta zelibatoa aspalditik mantentzen ez duela aitortu aldizkari batean.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Emakume bat (egunero bana noski) hil du senarrak kafesnea mahaira epelduta ekarri diolako.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Palestinar gazteen ehuneko berrogei bat prest dago bere buruaz beste egiteko, Israelen kontrako borrokan.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Europan eta Ameriketan dagoen negoziorik handienetakoa haur pornografia da.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Madrilgo epaile batek ez du sinesten salaketa jarri duen euskal gazte bat poliziak torturatu zuenik.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Guraso batzuk etxetik alde egin dute eta babesa eskatu Udaleko Gizarte Zerbitzuan, beren semealaba gazteek morroi gisan ibiltzen dituztelako.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Vatikanoko Harreman Publikoetako arduradunak esan du Aita Santuak burua argi duela eta esku sendoaz eramaten duela Eliza Katolikoaren gidaritza.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Espainian orain hauteskundeak deituko balira, Jose María Aznarrek berriro lor lezake gehiengo absolutua.
H.- Ez dut ulertzen.
K.- Eta abar eta abar eta abar.
H.- Ez dut ulertzen eta ez dut ulertzen eta ez dut ulertzen.
Dena ez da ulertzen eskolan bi eta bi lau direla ulertzen den bezala. «Nik ez dut ulertzen» esaten duenak zer adierazi nahi izaten du? Batzuetan, gutxitan eta gezurra ematen badu ere, aipatutako kontua ez duela ulertzen, besterik gabe. Maiz, ez duela ulertu nahi. Eta askotan, bera beste maila batekoa dela. Horrelakoek ez dutela lekurik bere mundu perfektu borobilean.
Ezulertzelari guztiei, kategoria batekoei zein bestekoei, bihotzez, aholku txiki bat eskaini nahi diet. Edozein kontu gertatzen bada, hobe ulertzeko ahalegina egitea. Ulertu ez arren, gertatzen delako, besteak beste. Eta, ahalegina eginda ere, ulertzea kostatzen zaienei, ahokorapilo berezia opatzen diet. Honek ez du inoiz hutsik egiten. Egunero zazpi aldiz jarraian eta eguneko zazpi unetan esanda, astearen zazpi egunetan eta zazpi asteetan errepikatuta, azkenean zerbait ulertzen da. Ez dut nola ulertzen, baina ulertu egiten da.
Ezulertzelarien unibertsoa ezulertuta dago, ulertzen duen ulertzelaria ulertzelari bikaina izango da. Ulertzelarien unibertsoa ulertuta dago, ezulertzen duen ezulertzelaria ezulertzelari bikaina izango da