argia.eus
INPRIMATU
...eta ereiten
2021eko uztailaren 19a
Erein argitaletxeak ere mende laurdena bete berri du iazko urte amaieran. 25 urte joan dira jada Julen Lizundia, Edorta Kortadi, Jexux Mari Mujika, Axentzio Ondartzabal, Xabier Lete, Anjel Lertxundi eta Jose Manuel Castells euskal literatura argitaratzeko beharra ikusita lanean hasi zirenetik. Duela hilabete batzuk egin ziren zilarrezko ezteien ospakizunak, baina urteurren honek emaitzak emango ditu gerora ere.
Izan ere, argitaletxe honek Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Saria sortu du bere 25. urteurrenean. Honekin batera Donostia-Opera Prima saria ere eskainiko da, 35 urtez beherakoentzat edo sekula narratiba libururik argitaratu gabekoentzat. Sari hauek datorren urtean emango dira lehenbizikoz eta bertara testuren bat aurkeztu nahi duenak urte hau amaitu baino lehen bukatu beharko ditu lanak.
25 urtetan Ereinek euskal literaturaren fondo sendo bat osatzea lortu du eta, Iñaki Aldekoa, bertako editorearen hitzetan, «gure literatur sailak sari bat merezi zuela pentsatu genuen».
Zer aldatu da 25 urte hauetan? «Urteen poderioz egiturak finkatzen joan dira, profesionalizatu egin gara» dio Aldekoak. Gaur egun euskal argitaletxeetan soldatak kobratzen dira eta horregatik dio ezin dela militantziaz hitz egiten jarraitu, «ondo egin beharreko lanaz» baizik, eta horrek eskakizun maila igo egiten du.
«Badakigu jarduera honetan ezin dela sekulako negoziorik egin baina enpresa bihurtu dira argitaletxe eta banatzaileak, enpresa gisara egituratu dira». Normalizazioa, finean. Eta hala ere Aldekoak normalizazio horretan huts egiten duen zerbait dagoela ikusten du: «Finkatu den egitura hori guztia sostengatu behar duen irakurlea non da? Non dago merkatua?». Hortxe ikusten du Ereineko editoreak arriskurik handiena.
«Duela 25 urte nola geunden gogoratu eta begira egun zer lortu dugun» eta antzekoak esateko joera baztertu eta gauzak ez direla duela 25 urte uste zuten bezain ondo joan onartzen du: «Gure asmoak ez dira bete. Sareak osatuz, egiturak finkatuz gizartea geureganatuko genuela uste genuen, eta ez da halakorik gertatu»