argia.eus
INPRIMATU
Antton Kazabon
Antton Kazabon
Pilar Iparragirre 2002ko apirilaren 14a
Zein izan da «Emozioen kuliska»ren nondik-norakoa?
Oiartzungo ikastolan egiten dut nik lan, eta han, batzuei egokitzen zaigu literaturaz hitz egitea. Horretan, aspalditik ikusten genuen bazegoela adin tarte bat, 14tik 16ra bitarteko hori, poesiaz antzu-edo zegoena. Bagenituen ipuinak adin guztietarako, eta olerkiak ere bai 6-8-12 urte bitartekoentzat eta helduentzat, baina beste horientzat ez. Eta nola inor ez zen gaztetxoentzako poesia liburu bat idaztera ausartzen, oiartzuarrak lotsagabe samarrak gara nonbait eta pentsatu genuen: geuk egin beharko dugu bada! Hasieran, helburu literarioarekin baino gehiago, helburu praktikoarekin hasi nintzen liburua idazten, ia-ia guretzako tresna izan zitekeelakoan, baina gero, hain ondo pasa nuen gaztetxoentzako gauzatxo hauek osatzen, ahaztu egin zitzaidala lehenengo helburua.

Zer-nolako poesiak agertzen dituzu liburuan?
Maitasun istorio samur labur-laburrak dira, gozo-gozo begiak itxita irakurtzeko horietakoak.

Eta gaztetxoek gustuko izango dituztelakoan al zaude?
Baietz uste dut. Izan ere, nire ikasgelako neska-mutil batzuez baliatu nintzen hori jakiteko. Oso irakurzaleak eta idazten nahiko trebeak dira, eta beste inori baino lehen haiei erakutsi nien nire lana. Beraz, aurren-aurreneko hautaketa gaztetxo horiek egin zuten. Idatzi nuen guztia irakurri, eta ondoren orraztu egin zuten: honek balio du, beste honek ez... haiek garbi esaten dizute zer duten gustuko eta zer ez, ez dira zurikeriatan ibiltzen. Orain, ni kontent nintzateke gaztetxoentzako poesia liburu honen atzetik beste batzuk sortuko balira, hau da, liburu honek nahiko antzu zegoen ate hori irekiko balu, eta atzetik poesia lan gehiago etorriko balira.

Pilar Iparragirre