Plinio duela hogei mende hil zen, Vesubio sumendi lehertuaren labarekin erreta gainera, zeren arrisku horretan jartzera bultzatu baitzuen bere jakinminak; baina guztiarekin, beragandik guganaino denbora asko pasa bada ere, oraindik zutik diraute, funtsean, berak ostrukari buruz egindako baieztapenek: ostruka hegazti bat dela, alegia, denik eta hegaztirik haundiena, zaldian eseritako zaldun baten goiera aise lortzen duena (...)»
Bernardo Atxagaren «Lezio berri bat ostrukari buruz» errezitaldiko hitz horiexen ondorioz, hain zuzen, sortu zen idazlea eta Alejandro Zugaza Miranda idazlearen arteko harremana; lehena, Euskal Herriko idazlerik ezagunena da egun eta bigarrena, agente literario bakarra. Duela sei bat urte hasi ziren elkarrekin lanean, bata sortzaile eta bestea agente literario gisa. Hortik sortu zen Euskal Herrian dagoen Agentzia Literario bakarra, Ikeder S.L. enpresaren baitan. Ordurarte, diseinuan eta kultura zerbitzuen kudeaketan aitzindari izan zen enpresak Euskal Herriko lehenengo agentzia literarioa jarri zuen martxan Alejandro Zugaza bera buru zuela. Gaur egun, geroz eta gehiago dira agente literarioaren laguntza jasotzen duten idazle eta ilustratzaileak, eta Ikederrek Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Jose Mari Iturralde, Mikel Valverde eta Jokin Mitxelenarekin egiten du lan.
Agente literarioak idazlearen eta enpresari-editorearen kodeen artean, bitartekari lana egiten du. Literaturaz eta liburuaren kalitateaz hitz egiten du editoreekin, eta harreman hori gauzatu ostean, agenteak xehetasunak lotu eta teoriatik praktikarako jauzia ematen du. «Idazle eta lan bakoitzarentzat argitaletxe hoberena lortzen saiatzen gara», azaldu digu Alejandro Zugazak. Egilea bere sormen lanean mantentzeaz eta lan-erritmoa oztopatuko lioketen kudeaketak bideratzeaz arduratzen da agente literarioa. «Ez dut ezagutzen sortzailerik, saltzaile eta bere marketing kanpainaren errealizadore denik. Eta hori egiteaz gain, familiarekin eta lagunekin egoteko denbora hartu, eta telefono dei guztiak erantzuteko gai den idazlerik ere ez dago».
Gogorra dirudien arren, Euskal Herrian asko dira lan horiek guztiak bere gain hartzen dituzten idazle eta ilustratzaileak. Patxi Zubizarreta idazleak ere horrela eman zituen ia hamar urte. «Nire lehenengo liburua 1989an argitaratu zen eta 1997a arte ez nuen agentearengana jo. Ordurarte, inongo arazorik gabe mugitu nintzen hemengo argitaletxeetan eta harreman birtualak izan nituen estatuko editoreekin; gertatu izan zait gaztelaniaz edo katalanez argitaratzea, eta ez jakitea, ez ezagutzea norekin argitaratzen nuen, izan ere, harreman guztiak posta eta telefono bidezkoak izaten ziren», azaldu digu.
Urteetan Zubizarreta bera arduratu da bere itzulpenak bideratzeaz. Jakin bazekien agente literarioak bazirela, baina ez zuen lehenago horretara jo. «Beti izan nuen agentearen kezka eta banekien bazela bat, Alejandro Zugaza, baina Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria jaso nuen arte ez nintzen berarekin harremanetan jarri». Sariak diru laguntza handia eskaini zion lana itzultzeko eta Espainiako argitaletxeei eskaintza osatuagoa egiteko aukera ikusi zuen Zubizarretak: «Gogoan dut lehen harremana gauzatu ondoren, Alejandro eta biok nola joan ginen Madrilera, bereziki Alfaguarara eta Anayara, hainbat itzulpen besapean genituela. Sariak nolabaiteko bermea eskaintzen zigun eta hainbat argitalpen bideratuta itzuli ginen».
Buruhausteak kenduz.
Idazleari nahiz ilustratzaileari buruhauste ugari ken diezazkioke agente literario batek. Zugazaren iritziz, «denbora luzean egindako kontzentrazio handiko lanaren ilusio guztiak pertsona bati eskaintzea» da agente literario batengana jotzea. Gero agente horrek bere kolaboratzaile taldearekin batera, lan hori kualifikatuko du, ikusten dituen aukeren berri emango dio idazleari eta hori gauzatzeko zenbat denbora igaro lezaketen ere esango dio. Horixe da, funtsean, Ikeder agentzia literarioan egiten dutena ere. Baina horretarako, Alejandro Zugazak diseinatzaile grafikoz, historialariz, bibliotekonomilariz eta museografilariz osatutako taldea du lagun. Horrez gain, web gunea ere (www.ikeder.es) jarri dute Interneten eta oso lagungarri zaiela aitortu digu. Bertan idazle bakoitzaren biografia eta ibilbide literarioaren berri ematen dute. Zubizarretaren aburuz, beraien berri sarean jartzeak lana erraztu diezaieke, eta bide hori erabiltzea, egun, «ezinbestekoa» dela dio.
Laguntza erakargarria den arren, Euskal Herriko idazle eta ilustratzaile askok eskatu ezin duten zerbitzua da agente literarioarena. Salmentetan lortutakoaren zati bat jaso ohi du agenteak, gehienetan, irabazien %10 izaten dela esan digu Zubizarretak. «Ekonomikoki esan beharra dago, euskal idazlea nekez biziko dela oparotasunean, eta agentearekin lan egitea ongi pentsatu behar da». Hala ere, Zubizarretaren ustez, oro har, diru sarrerak hazi egiten dira agente eraginkor batekin. «Nik esango nuke inbertsio moduko bat dela, eta irabazteko asmotan egiten dugula», adierazi digu.
Bernardo Atxagaren agente literario gisa lanean hasi zenean, hogeita hiru urte besterik ez zituen Zugazak. Kazetaritzan lizentziatu berria zen, eta ikasle garaian aldizkari literario bateko zuzendari ibili zen. Lehenengo urteetan Atxagarekin egindako estudioa «erromantiko samarra» izan zela dio: «Ez genituen helburuak termino ekonomikoetan kuantifikatu; garatzen ari ginen sorkuntza literario eta artistikoa ezagutzera emateko medio egokiak sortzen bagenituen, beren lekua izango zutela pentsatzen genuen eta hori zen lanerako gure irizpide nagusia». Orain, berriz, agentearen hitzetan, Euskal Herriko idazlerik eta ilustratzailerik «onenekin» ari dira lanean. Guztiek modu profesionalean egiten dute lan sorkuntzan, eta emaitzak «nabariak» direla dio. Horrek bere lana ere asko errazten duela aitortzen du. Baina Euskal Herriko agente literario bakarra izateak zenbait traba ere sortzen dituela dio, eta beste agenteren bat egotea gustatuko litzaiokeela dio: «Horrek gure kultura beste hizkuntzetara esportatzean zein zailtasun ditugun galdetzera bultzatuko lituzke erakundeak. Hala ere, zera ari da gertatzen; Euskal Herriko argitaletxeak hizkuntza guztietarako eskubideak kontratatzen ari direla, eta horrek lan literario horren agente edo ordezkari bihurtzen dituela editoreak».
Euskal Herrian agente literario bat baino gehiagoren beharra somatzen du Zubizarretak ere. Batez ere, atzerrian argitalpenak bideratzeko beharrezko deritzo zerbitzu horri, eta idazleei kanpora irtetea ere komeni zaiela dio. «Saizarbitoriak dioen moduan, egia da ez dugula itsutu behar gure lanak kanporatze nahi horretan, baina egia da, aldi berean, ez dugula bertan goxo egon behar. Gure lanen kalitatean sinesten badugu, horren alde egin dezakegu, eta noizean behin, hemengo giro itogarritik irtetea oso osasungarria da; gauzak erlatibizatzen laguntzen du».
Hortaz, zenbait kasutan, idazlea eta agente literarioa guztiz osagarriak dira, eta bata bestea gabe ezer gutxi lirateke. Alejandro Zugazari, agente literario izateak merezi duen jendea ezagutzeko aukera eman dio, eta horixe da bere lanean gehien gustatzen zaiona, jendea hain gertutik ezagutzeko aukera izatea: «Idazleek beren ilusioak zuri ematen dizkizute loratzeko lekurik aproposena aurki diezaiezun. Eta hainbesteko gertutasuna sortzen da egile eta agenteen artean, ezen azkenean, oso adiskidetasun sendoak sortzen baitira»
«Esango nuke agentea, sorpresa kutxa bat ere badela. Beti izaten du p roposamen bat esku artean»
Gizon izandako mutila» liburuarekin Patxi Zubizarretak 1997an Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen. Urte hartan jo zuen Alejandro Zugaza agente literarioarengana, ordutik, berekin jarraitzen du lanean.
Laurogeita hamargarreneko hamarkadan argitaratu zenuen lehenengo liburua. Baina 1997a arte ez zenuen agente literario batengana jo. Zergatik?
Ordurarte inongo arazorik gabe mugitu nintzen hemengo argitaletxeetan eta posta edo telefono bidezko harremanak izan nituen estatuko editoreekin. Itzulpenak nola edo hala bideratu, estatuko liburuetan agertzen den argitaletxearen helbidea lortu, itzulpena bidali, eta pozik ezezkoa jasotzen banuen ere, zeren askotan ez baitzuten erantzun ere egiten.
Hala ere, hango argitaletxeak nahikoa desberdinak dira hemengoen aldean. Niretzat harrigarria da testu bat kontratatzea eta kontratuan agertzea liburua bi urte barru argitaratuko dela. Hau da, urteko plangintza oso itxiak eta oso estuak izaten dituzte. Hemen, berriz, liburua gehienetan eramandako urtean bertan argitaratzen da eta ez dugu gehiegi itxaron behar izaten.
Zertan laguntzen dizu gehien agente literarioak?
Itzulpenekin. Nik oraindik ere sumatzen dudan hutsunerik handiena gaztelerazko itzulpenena da. Hau da, zu saiatzen zara euskarazko testua harik eta txukunen idazten, harik eta apainen argitaratzen, eta orduan beste proiektu batzuei ekin nahiko zenieke. Baina liburuaren zamak hor jarraitzen du, eta, ni ez bainaiz nire liburuak gaztelaniatzeko gai, itzultzailea lortu behar duzu, eta zuretzat eskatzen duzun duintasun berberaz ordaindu, artean jakin gabe testu horrek argitaletxea lortuko duen edo ez.
Agenteak itzulpenarekin egiten du lan. Alejandrok, esate baterako, testu hori ongi maketatu, kopia batzuk atera, eta txosten moduko batekin -kritikak, bibliografiak, eta abar- bidaltzen du. Eta atzera-aurrera dezenteren ondotik, argitaletxeren bat liburua ateratzeko prest badago, berak negoziatzen du kontratua, berak aztertzen du kontratuaren letra txikia -tiradak, eskubideak, urte kopurua…-. Alde horretatik, konfiantza handia dut berarengan.
Hala ere, esango nuke agentea, nire kasuan behintzat, sorpresa kutxa bat ere badela. Harreman sare handi baten erdian egonik, beti izaten du proposamenen bat esku artean: izan ipuin bat baldintza erakargarrietan idaztea, izan bidaiak eta topaketak proposatzea, izan errezitaldiak... Hori guztia ere Alejandrori zor diot.
Editoreekin zenuen harremana asko aldatu al da?
Alejandrok beti esaten dit editorearekin nik zuzenean hitz egiteko. Literaturaz, alegia. Liburuaren kalitateaz. Gainera, gomendatu egiten dit harreman hori eta nik oso esperientzia onak izan ditut editoreekin. Eta harreman hori gauzatu ostean dator agentea, xehetasunak lotzeko, teoriatik praktikara salto egiteko. Eta alde horretatik ezin uka babestua sentitzen zarenik.
Editoretik editorera alde handia dago. Batzuek liburua «erosi» egiten dute, fidatu egiten dira editorialeko «irakurle profesional» batzuek egindako iritziaz. Beste batek «euskaldun bat argitaratzeko gogoa nuen» esaten dizute.
Aldiz, Euskal Herrian ezin bada esan agentetik agentera alde handia dagoenik, izan ere bakarra baitago. Benetan uste dut agente bat baino gehiagoren beharra dugula. Baina, lehen nioen moduan, gaztelaniarako itzultzaileak ere behar-beharrezkoak ditugu. Askotan egilearen beraren lan itzuliak kalitatean eskasia handiak izaten ditu