argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
2007ko otsailaren 21
Agian hegoaldean hobeto biziko da (horrela zioen udako abesti ergel samar batek duela urte batzuk), baina gutxiago bizi direla segurua dirudi. Ondorio estatistiko horretara iritsi dira Espainiako zonalde desberdinetan hilkortasun atlas bat osatu duten ikertzaileak. Urte luzetako ikerketaren ondotik, beraien ustez heriotza arriskua % 20 handiagoa da, batez beste, penintsulako hegoaldeko eskualdeetan, baldintza bertsuetako iparraldeko zonekin konparatuz gero. Eta desberdintasun horren arrazoiak, Pompeu Fabra unibertsitatearen ardurapean egindako lan taldearen iritziz, asko eta konplexuak izango lirateke: garapen sozio-ekonomikoaren maila, bizi azturak, lan eta ingurumeneko baldintzak, eta baita bertako biztanleen hezkuntza maila ere.

Atlas horretan "heriotza arrazoien maparen argazki moduko bat" lortu da, bai gizonezkoetan eta baita emakumetan ere, betiere lehenengo hamar heriotza kausak hartuz. Garuneko gaitzak, gaixotasun kardiobaskularrak, bestelako bihotz eritasunak, erreumatismoa, diabetesa, bularreko eta biriketako minbiziak, eta biriketako butxadurazko patologia kronikoa agertzen dira sailkapen horretan aurreneko postuetan. Eta bai gizonezkoen kasuan eta baita emakumeenean ere, prebalentzia handiagoa da hegoaldean, eta oso modu nabarmenean gainera, kasualitate hutsa edo arrazoi genetikoak baztertzeraino.
Hilkortasun handieneko eskualdeen artean (Andaluzia, Extremadura, Gaztela Mantxa, Murtzia, Valentzia eta Kanariak), kasurik kezkagarriena Cadiz, Huelva eta Sevillako zati batek osatzen duten "triangelu beltzean" dago. Hiru probintzia horien hilkortasuna nazio osoko batez bestekoa baino % 25 handiagoa da. Kezkatzekoa, benetan!