Carlos Garaikoetxeak bere bizipenetan oinarritutako «Euskadi: la transición inacabada» liburua aurkeztu berri du. Planeta argitaletxearen eskutik kaleratu du eta bere tesietako bat da Euskadin trantsizioa oraindik ez dela amaitu. Bi arrazoi argudiatzen ditu horretarako: bat, autogobernu osoa oraindik gauzatu gabe dagoela, eta bi, ETAren iraupena.
Victor Manuel Arbeloa PSNko sortzaileetakoa izan zenak PSN utzi berri du, azken laupabost urteetan alderdi honekin oso kritiko agertu ondoren. Egungo PSNk norabiderik ez duela azaldu du eta, gaur egun, UPN dela Foru Hobekuntza eta Konstituzioaren edukien defentsa egokia egiten duena. Besteak beste, Foru Legebiltzarreko lehen lehendakaria izan zen.
Felix Marti Unescoko Hizkuntza Batzordearen Zuzendariarentzat Euskal Herriko gatazka deserosoa da Europa eta AEBentzat eta etorkizunean ez du urruti ikusten bake eszenatoki bat. Bere ustez, Espainiako politikako zenbait pertsonak beren interes pertsonalak lehenetsi ez balitu, arazoa konpondua legoke. Elkarrik Iruñean antolatutako hitzaldi batean jaurti zituen aipatu iritziak.