Ismael Manterolak honakoa idatzi zuen «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Orain dela aste batzuk egin da ‘Europako arte feriarik inportanteenetako bat’, ETBko Teleberrik esandakoaren arabera. (...) Baina zein da horrelako azokaren helburua, komunikabideetan arrakasta izatea edo saltzea? Nire ustez, Arcok hasieran zuen helburuetako bat bete du: espainiarren artean arte garaikidea normalizatzea, bai gizartearen onarpenaren aldetik, bai bildumazale publiko zein pribatuen erosteko ohituretan zeharo txertatzearen aldetik ere.
Azken urteetan arte garaikidearen inguruko onarpen soziala ia erabatekoa bada ere, ez da gauza bera gertatzen ulertze maila eta gustuarekin. Harritu aurpegiarekin begiratzen die ikusleak arte garaikideko museo gero eta ugariagoetan gordetzen eta erakusten diren gauzei, baina bertan daudenez eta antolatutako bisitaldiak egiten direnez, zerbait izango dira, arratsalde-pasak egiteko aitzakia besterik ez bada. Modernitate geruzak modan daude. Garai bateko politiko eta gestore kulturalak berpiztu direnean, beste inor baino gaurkotasun handiagoa erakutsi behar dute badaezpada ere. Horregatik arte garaikideko museoak eraiki eta eraiki dabiltza toki guztietan, eskaintza kulturala jasotzen duen turismoak komunikabideen lehen orrietan azaltzeko gaitasuna duelako eta bide batez, hiri moderno eta kultuaren itxura eskaintzen duelako (...)».