Esnea, arrautza eta arraina dira umetan alergiarik gehien eragiten dituzten janariak, Espainiako Alergologia eta Immunologia Klinikoko Elkarteak alergiako kontsultetan egindako "Alergologica" izeneko ikasketa multizentrikoaren arabera. Ikerketa horrek dioenez esnea da bost urtetik beherako umeetan alergiarekin zerikusirik gehien duen jakia (kontsulten % 82), eta horren atzetik datoz arrautza (% 76) eta arraina (% 50).
Madrileko Gregorio Marañón ospitaleko alergologoa den Elena Alonso Lebrero doktorearen ustez, janariek eragindako alergiak usuagoak dira haurtzaroan (% 6-8ko intzidentziarekin), bizitzako lehenengo urteetan sartzen baitira jan-neurrian potentzialki alergenikoak diren elikagaiak, eta garai horretan ezartzen direlako tolerantzia immunologikoko mekanismoak.
Alonsok azaldu zuen, normalean, haurtzaroan agertzen diren janari-alergia horiek adinean aurrera egin ahala desagertzeko joera dutela, baina hori ez dela bizkortasun berarekin eta ezta modu berean ere gertatzen janari guztiekin. Arrisku altuko umeetan gisa horretako patologiak prebenitzeko edo, besterik ezean, atzerarazteko, adituek jaioberria amaren bularretik elikatzea gomendatzen dute (ahal bada bularra ematea biberoiekin nahastu gabe), janari solidoen hasiera sei hilabete egin arte atzeratzea, eta produkturik alegenikoenak (alegia, arrautza eta arrainak) urtebete egin ondoren ematea umeari.
Alergikoa izateko aurrejoera hereditarioa da, Alonsoren iritzian, baina gurasoak janari jakin baten kontra alergikoak izan arren, seme-alabek inolako zeinu edo sintomarik erakusten ez duten bitartean, ez da beharrezkoa neurri edo arreta berezirik hartzea