argia.eus
INPRIMATU
BIBA XIBEROA!
Iñaki Mendiguren 2002ko martxoaren 17a
Ez dut ezkutatuko neure etsipena azken hilabeteotako euskal politikaz. Ulergaitzak gertatu zaizkit EAEko aurrekontuen inguruko jarrerak, kontzertu ekonomikoaren negoziazioak, batzuen aldaberatasuna eta beste batzuen inmobilismoa, etikaren erabilera, erakunde armatuaren asmoak...

Eta ondorioz, ezintasun-sentimendua nagusitzen zait. Demokrazia, hauteskundeak, etab. gorabehera, nago herritar arruntok politikan eragiteko dugun gaitasuna hutsaren hurrengoa dela, gure buru gainean dabiltzan goi- eta behe-presioetan eta ondoriozko haize-borroketan eragiteko dugun ahalmenaren parekoa. Bi estatu ahaltsuen eta bere bideari darraion erakunde klandestino baten artean, interes, lobby eta presio kontraesankorren artean harrapatuta, egunerokotasuna ihesi doakigula iruditzen zait sarri.
Horregatik, ongi etorriak ekimen zehatz eta positiboak, beren akats eta guzti, zerbait eraikitzeko bidean doazenak: adibidez, Elkarriren bake-konferentzia, edota Udalbiltzak babestutako kanpaina, zuberotarrentzat milioi bat euro biltzeko.


ZUBEROA -eta oro har Iparraldea- oso ezezaguna da hegoaldeko euskaldun askorentzat, baita beren burua abertzale eta militantetzat duten askorentzat ere. Beste zenbaitentzat azken urteotan erakargarri gertatu da Zuberoaren bitxitasun edo exotikotasuna, eta behin behintzat ikusi beharrekoak Maskaradak, Pastoralak, etab.

Bere edertasunaren atzean, ordea, Zuberoak badu tragedia handi bat ere, bizitzako oholtzan ez antzeztu edo jokatu baizik eta pairatzen duena, isilean eta ikuslerik gabe: iragarritako heriotza baten kronika, pixkanakako odol-hustea ekonomian, demografian, hizkuntza eta kulturan...
Horri buelta emateko, milioi bat euro ez da inola ere aski, baina garapen-egitasmo zabal baten barruan (Xiberoa 2010) eta beste dirutza batzuen ondoan, zenbait proiektu gauzatzen hasteko balio dezake. Informazio zehatza Udalbiltzaren web orrian duzu. Eztabaida antzuez, manifestazio eta protesten inflazioaz aspertu samar dagoenarentzat aukera bikaina bere energia herrigintza praktikora bideratzeko.
Horrelako ekimen bati abertzaleak, ezker nahiz eskuinekoak, nekez eman diezaioke ezezkorik; are gehiago, ez abertzale baina herrizale denak ere (Ezker Batuak, Euskal Sozialismo Berriak...) arazo handirik gabe onartu beharko luke Iparraldearekiko lotura berezia. Ez, noski, aberri bakarra gizadia dela dioenak; horrelakoak beti aurkituko dizu premia larriagorik Kazakhstanen edo Ahmedabajen, eta ziur asko abertzaleen txokokeria itsutzat joko du Zuberoari laguntza ematea.

Beste kontu bat ere badago. Gure artean oso ohikoa da bat bitan banatzea, berez ahul garenok horrela indartuko garelakoan edo. Eta oso ohikoa da, banatu ondoren, bestearengandik datorren guztia ukatu eta zapuztea. Euskaldunok gauza on asko ditugu, dudarik gabe, baina egoskorkerian txapeldun ere bai, eta etxekalte geure buruari harrika jarduteko dugun gaitasuna ikusita, miresgarria da oraindik bizirik irautea... nahiz eta, egia esan, oso ahul eta erdi bizirik iraun; ez, noski, ekonomian eta enpresagintzan (horretan Europako mailan gaude!), baina bai euskaltasunean.

Eta hori diot, Udalbiltza «hau» oso gogoko ez duenak aitzakia erraza duelako kanpainari muzin egiteko (tartean, EITB ote dago?). Zu ere horietakoa bazara, konforme, eskubide osoa duzu. Baina, mesedez, emaiozu zeure partea nahi duzun erakundeari eta eska iezaiozu bildu dezala beste milioi bat (edo gehiago)... Zuberoa bizi dadin! Eskerrik anitz!