argia.eus
INPRIMATU
«Soinu tresnak ezagutzea ez da zaila, horiek erosteko dirua izatea ba i ordea»
2002ko martxoaren 03a
Donostian jaio bazen ere, nafarra da Juan Mari Beltran, Etxarri Aranazkoa. Zazpi urterekin hasi zen musika ikasten eta hamaika urte zituela, jadanik, musika bandan eta txistu taldean jotzen zuen. Hamabost urterekin Donostiara itzuli eta bertan jarraitu zuen Nafarroan hasitakoa. Gaur egun, txalaparta eta alboka irakaslea da Hernaniko Musika Eskolan. Herri musikaren txokoa Beltranen ekimenez jaio den proiektua da. Bertan biltzen den ia material guztia berak erositakoa da. "Munduko musika disko eta liburuen bidez joan naiz instrumentu hauek guztiak ezagutzen; zailena ez da informatzea, erosteko dirua izatea baizik", dio Beltranek. Gaztea zelarik, Donostia inguruko herrietan txistua jotzen lortzen zuen diruarekin hasi zen hemengo instrumentuak erosten, xirulak, dultzainak, albokak... Atzerriko soinu tresnak lortzeko, besteak beste, lan horretaz arduratzen den jendearekin jarri da harremanetan. Zenbait kanpora bidaian joan diren lagunen bitartez eskuratu ditu eta beste hainbat, aldiz, berak erosi ditu. "Hemendik kanpora irteten ginenean, Alemaniara, adibidez, han irabazitako diru guztia bertan gastatu nuen. Hango soinu tresnak, liburuak eta diskoak erosten gastatu nuen dena", diosku Beltranek. Euskal Herriko instrumentu asko eta asko ijitoen bidez lortu ditu nafarrak. Musikaria izateaz gain, Etxarri Aranazkoa soinu tresna egilea eta konpontzailea ere bada. Erakusketako zenbait instrumentu originalen erreprodukzioak dira, Beltranek berak eginak