ECAI bat (Nazioarteko Adopziorako Elkarte Laguntzailea, gazteleraz) nazioarteko adopzio prozesuan erreferente garrantzitsua da, berez derrigorrezkoa ez bada ere. Atzerriko ume bat adoptatu nahi duten gurasoek, behin administrazioaren eskutik Egokitasun Ziurtagiria lortuta, haurraren jatorrizko herrialdeak ezartzen dituen eskakizunak bete behar dituzte. Bidaia luzeak, hizkuntz arazoak, tramiteak... sarritan adoptatu nahi duenari ezinezko egiten zaio hori dena bakarrik betetzea eta bitarteko bat behar izaten du. Bitartekaritza lan hori burutzeko sortu ziren ECAIak. Adin txikikoen babeserako eta, horrekin lotuta, nazioarteko adopzioaren inguruko legeria 1996an garatu zen Espainiako Estatuan, Hagako Hitzarmenaren ondorioz, eta egun alorraren eskuduntza autonomia erkidegoek dute. EAEn urte bereko abenduaren 24ko 302/1996 legeak arautzen ditu ECAIak. Bertan zehazten dira erakunde hauen baldintza eta ezaugarriak.
Besteak beste, entitate hauetako bakoitzak gutxienez hiru profesionalez osatutako talde multidiziplinarra behar du: zuzenbidean lizentziatu bat, psikologo bat eta gizarte langile bat. Bestalde, ECAIek irabazi asmorik gabeko erakundeak izan behar dute. Horrek ez du esan nahi euren bitartekaritza lana doan egiten dutenik, hainbat gasturi aurre egin behar baitiote, derrigorrezkoak diren hiru profesionalen soldatatik hasita.
Entitate hauek, gainera, adin txikikoen babes eta adopzio legeak ezagutu eta bete behar dituzte, nazioartekoak, bertakoak zein haurren jatorrizko herrialdekoak. Haurraren adopzioagatik konpentsaziorik ez dagoela ere ziurtatu beharko dute.
Hasieran esan bezala, haur bat adoptatzeko orduan ez da ezinbestekoa ECAI batera jotzea. Baina herrialde batzuek, Indiak esaterako, bertako haurrak adoptatzeko ECAI baten bitartekaritza derrigortzen du. Erakunde hauetako bakoitzak herrialde jakin batekin edo batzuekin lan egin ohi du.
Duela gutxi arte 10 ziren EAEn adopzioan jarduteko baimena zuten ECAIak. Azkenaldian, ordea, Indiako adopzioak asko zaildu dira, hauen epea luzatu egin da eta Indiarekin lanean jarduten zuten EAEko ECAIek, gastuei aurre egin ezinda, baja eskatu dute. Azkena egoitza Donostian duen Haurralde Fundazioa izan da. Fundazio honek tramitean zeuzkan adopzioekin lanean jarraitu du Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin. Egun ACI (Txina), ANDAI (Errumania), Mimo (Bulgaria), Asociación Navarra Nuevo Futuro (Peru), ASEFA (Brasil, Kolonbia, Peru, Honduras eta Errumania) eta ADECOP-Euskadi (Errumania, Kolonbia, Peru eta Bolivia) dira EAEn lan egiten dutenak