argia.eus
INPRIMATU
AB
Joxemari Ostolaza 2002ko martxoaren 03a
Aberri Eguna. Besterik zirudien arren, aurtengo Garazikoa arrakastatsua izateko bidean da. Iparraldetik egin den proposamen nazionalak, bere xumean, onarpen zabala izan du inguru abertzaleetan eta Lizarratik Garazira antolatu martxa -ibilaldia esatea nahiago baina ezin- izan liteke eremu egokia gure artean fundamentuzko ibilaldia prestatzeko eta elkarrekin beharrezko abiatzeari ekiteko. Iraupenezkoetan, ibiltari bakoitzak behar du bere abiadura propioa aurkitu helburura iristea nahi baldin badu behintzat, berarena ezean besterena jarraituz mingaina oina bilaka baitezake eta bihotza lehergailu. Eta hilerria pausaleku. Beraz, bakoitzak bere ahalen araberako erritmoari eutsi eta behar dituen hornimenduak eginez burutu dezala bidea, inoren eta ezeren presioak berea zapuztu diezaion onartu gabe. Izan ere, gerri buelta zabaleko gantzadunek ekiteko moduko pausajerik ez balego, eliteko atletak soilki abiatuko lirateke, bidean bere zain egon litezkeen frankotiratzaileen jostailu bihurtuz. Eta ez dugu holakorik nahi. Parte hartu nahi dugu. Gure erritmoan, nahiz eta jakitun izan gure artean azkarragoak badirela. Lizarratik Garaziraino