argia.eus
INPRIMATU
ZARATA UMEEN ETSAI
Jabier Agirre 2002ko otsailaren 24a
Trafikoak eragindako hotsak eta zaratak ondorio oso negatiboak dauzkate umeentzat, hauen aditasuna eta oroimena dezentez gutxitzen baitira, CSICeko Akustika Institutuko ikerlariak diren Fatima Jimenez de la Torre eta Isabel Lopez Barrio adituek burututako ikerketan frogatzen den bezala.

Ikerketa hori Logroñon aurkeztu zen, akustikari eskainitako kongresu baten barruan. Eta ikerketa horren berrikuntza eta balio bereizlerik nabarmenena umeekin egindako lana izatea izan zen, orain artean bide horretako ikerketa gehienak beren lantokian zarata eta hots maila gogorrak jasan behar izan zituzten helduen populazioekin egindako ikerketak izaten baitziren.
De la Torre eta Lopez Barrio ikertzaileek egindako lanaren emaitzetatik hainbat ondorio atera daitezke: lehenik eta behin, arreta edo aditasunari dagokionez, alde nabarmena dago zaratarik gabeko giroan aritzen diren eskolako umeen errendimenduan, zarata eta hots maila altuak entzun beharrean eskolatuta daudenekin konparatzen baditugu. Ikertzaileen arabera, emaitzek frogatzen duten bezala, zaratak eragin oso negatiboa eduki dezake umearen aditasun edo arreta-gaitasunean, baita zarataren intentsitatea hain handia ez denean ere.
Oroimen edo memoriari dagokionez, berriz, ikertzaile biek ikusi zutenez, batez besteko errendimendua, hots mailaren arabera, oso antzekoa izan zen isiltasuneko egoeran eta 50-60 dezibeleko egoeretan. Hala ere, zarata zertxobait gehitu, eta 70 dezibeleko esposizioetan, ikasleen errendimenduak behera egiten zuen nabarmen kontroleko taldeekin konparatuz gero