argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2002ko otsailaren 24a
Jose Manuel Bujandak «El Diario Vasco»n idatzitako artikulua da honakoa:
«Bada batzuen artean tentazio benetan nabaria, euskara hizkuntza bera helburu eta xede absolutu bihurtzeko joera duena hain zuzen. Toki goxo, sekretu eta ezkutu bat, han, bihotzondo ezti eta xamurra euskararentzat gordez, baina aldi berean komunikaziorako mintzabide, tresna eta adiera-gailu gaztelera aukeratzen duena. Itxurarako bakarrik erabiltzen duena bere euskara maitea, erakustoki baten ohorez horniturik aurkezteko gisan (...). Asko hitz egin da euskarari buruz, ikerketan objektu bezala hartu ere bai, eta ongi da, baina tresnari benetako esker ona emateko modua berau erabiltzea da, hiritar arruntak izan ditzakeen esan-beharrekoak adierazteko erremintatzat hartzea. Hartzea eta erabiltzea. (...)
Jakin, badakigu gizakiz osatutako komunitate batek hizkuntzan bere nortasunaren ispilu edo irudia ikusi ohi duela eta herri kontzientzia pizteko bide eraginkorrenetakoa dela mintzaira. Hori hala da. Eta egiago bereziki, administrazio ezberdinetan zatiturik eta beraz estaturik gabeko nazio eta herrietan. (...) Baina hizkuntzaren alderdi hau bereziki eta bakarrik bilatzen -eta praktikatzen- denean, hizkuntzak bere egitez eta sortzen duen xedeaz kontu gutxi eginik, ez goaz bide onetik. Azkenean esku hutsik gelditzeko bidea hartzen dugu eta (...)».