Nola sortu zen "2001 Un año para un milenio"?
Pepe Rei, «Kale gorria»ko arduradunetako batekin topatu nintzen behin, eta hark konbentzitu ninduen urtekari moduko baina guztiz desberdina izango zen liburu bat egiteko. Ahulezia une batean baiezkoa eman nion. Ez nekien ondo zertan sartzera nindoan!
Lan asko eman al dizu?
Pentsa! Hamaika egunkari ezberdin irakurri behar izan nituen, egunez egun, 2001eko urtarrilaren 2tik hasita! Eta gainera, egunkari mordo hori paperean emango zidatenak ere aurkitu behar izan nituen, orduan Interneten horrelako hemerotekarik ez zegoelako. Berri pila hori guztia irakurri, interesgarrienak iruditzen zitzaizkidan gertakizunak aukeratu, eta azkenik sortzen zizkidaten gogoetak idatzi behar izan nituen.
Zein izan da hainbeste ahaleginetatik atera duzun emaitza?
Ezohiko urtekari bat dela esango nuke, oso pertsonala baita. Kontsultak egiteko ere erabil daiteke, baina batik bat Jabier Salutregiren ikuspegia eskaintzen du. Oso liburu subjektiboa da, baina zintzoki subjektiboa.
Eta zer-nolako ondoriotara iritsi zara?
Bidegabekeria beldurgarria baino ez dut ikusi munduko bazter guztietan. Askatasun izpi txikiena ere erabat murriztu nahi da, zentzugabeki, eta horren guztiaren ondorioz, higidura telurikoak aurreikusten ditut ez oso epe luzera.
Ez zara oso baikorra?
Ez naiz, ez. Hala ere, higidura teluriko horiek onerako ere izan daitezke.