argia.eus
INPRIMATU
NEGUA HOTZ, MOTZ
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Kanpo urrun tropikal eta beroetatik ekarritako landareek hemengo neguekin jasan ditzaketen jipoietaz eta hiltzeaz aritu nintzen udazkenean. Aurtengoaren tankerako negurik ez omen genuen aspaldi bizitu. Nabarmena da. Azken urte hauetan lasai antzera, patxaratsu, hazi eta bizitu diren landare asko zainez gora joan dira. Palmondoak -Phoenix generokoak batik bat-, mimosak -Acacia generoko Acacia dealbata espeziea batez ere-, zitrikoak -limoiondoa, laranjondoa eta mandarinondoa- bouganbilleak, esparragerak, eta abar, arbak arre, erreta, nonahi ageri dira bizitoki desegokiak non dituztenaren froga argi.

Negu hotzak badu beste alde nabarman bat. Landareek udaberria iritsia dela sumatu eta urte berria sasoi berriz hasteko neguan egiten dituen hotz-ordu kopurua zenbatzen dutela behin baino gehiagotan aitatua dugu. Landare bakoitzak kopuru horren arabera eta baldintza egokiak datozenean hostaje eta lorealdi berria noiz eman erabakitzen du. Hotz handiak landare askoren hotz ordu premia asetzen du; gero eguraldia zertxobait epeltzean denak batera loratzen dira.
Beste neguetan mimosa lehen, gero sahats eta zumeak, elori beltzak ondoren, aranondo eta madariondoak gero, osatzen dute hemengo lehen lorealdi sekuentzia. Aurten, ordea, denak batera loratzen ari dira. Gero gerokoak

mandiozerain.com