Sindikatu abertzaleek (ELA eta LAB) areagotu egin dituzte Hegoaldeko Euskal Herriko sektore guztietan dituzten ordezkariak 2001. urtean, guztira 12.129 ordezkari dituzte eta %50,84raino heldu da haien ordezkaritza; UGTk eta CCOOk, berriz, %38,62ko ordezkaritza lortu zuten, guztira 9.215 delegatu. Beste 2.515 ordezkariak, %10,54ko ordezkaritzarekin, gainerako sindikatu txikietakoak dira (LSB-USO, ESK, EILAS eta abar). Horien artean ere badira ordezkari abertzaleak, eta, beraz, indartu egiten dute sindikatu abertzaleen ordezkaritza. ELA sindikatua finkatu da, guztira 8.567 delegaturekin eta %35,91ko ordezkaritzarekin, Hegoaldeko Euskal Herriko gehiengoa duen sindikatu bezala. Hari darraizkio UGT, 4.663 delegaturekin eta %19,54ko ordezkaritzarekin, CCOO, 4.552 delegaturekin eta %19,08ko ordezkaritzarekin, eta LAB, 3.562 delegaturekin eta %14,93ko ordezkaritzarekin.
Datu horiek dira 2001. urtean zehar EAEn nahiz Nafarroan egin diren hauteskunde sindikaletatik atera diren emaitzak, eta hauteskunde sindikalen komitea Gasteizen eta Iruñean bildu eta gero eman dituzte aditzera. Orain arte bildutako datuek joera bat markatzen badute ere, logikaz, 2002. urtearen bukaera arte itxaron beharko da, zeren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako lantoki guztietako hauteskunde sindikalen bloke nagusia aurtengo udaberritik aurrera izango baita, baina, batez ere, irailetik aurrera eta urtearen bukaera bitartean.
Hegoaldean, guztira, 9.827 lantokitan egiten dira hauteskunde sindikalak, eta, 2001. urtean, 23.859 ordezkari ziren guztira. Zifra horiek %4ko igoera ondorioztatu dute ordezkarien kopuru guztizkoan. Horrek, hauteskundeetako emaitzak ezagutzera eman zituzten ELAko arduradunen iritziz, zera frogatzen du: "Hemen, gure historiagatik eta errealitate soziologiko, laboral eta politikoagatik, sindikalismoa oso finkatua dago". Kalkuluen arabera, lanean ari direnen %70ek parte hartu dute, batez beste, hauteskunde horietan.
NAFARROAN, UGT ETA CCOO IRABAZTEN
. Orain arte, sindikatuek Hegoaldeko Euskal Herrian oro har duten ordezkaritzaren ikuspegi orokorraz aritu gara. Ordezkaritza, ordea, ez da bera erreferentziako esparrua Hegoaldeko Euskal Herriko lau probintzien multzoa bada, orain arte adierazitakoa, edota esparru hori EAEkoa edo Nafarroakoa bada. Horrela, Hegoaldeko nahiz EAEko datu orokorrei erreparatuz gero, sindikalismo abertzalea da ordezkariak irabaziz eta finkatuz doana; Nafarroako datu esklusiboek ordea, sindikalismo ez abertzalea egiten dute irabazle; hots, UGT eta CCOO.
Horrela, EAEn, ELAren ordezkaritza, 7.435 delegaturekin, %48,3koa da. Atzetik doazkio CCOO, 3.280 delegaturekin (%18,01), LAB, 2.871 delegaturekin (%15,7) eta UGT, 2.784 delegaturekin (%15,29). Beste 1.840 ordezkariak gainerako sindikatuetakoak dira. Nafarroan, ordea, lehen indar sindikala UGT da, 1.879 delegaturekin (%33,26ko ordezkaritza). Ondotik darraizkio CCOO, 1.272 delegaturekin (%22,52), ELA-STV, 1.132 delegaturekin (%20,04), eta, laugarren, LAB, 691 delegaturekin (%12,23). Badira beste 675 delegatu Nafarroan, beste sindikatu minoritario batzuetakoak, %11,95eko ordezkaritza dutenak.
Federazioka ere, Hegoaldeko Euskal Herrian, ELA da haietako bakoitzean gailendu dena. Adibide pare bat jartzearren, metaleko sektorean, ELAk 2.693 delegatu lortu zituen (%36,99). Ondotik doazkio CCOO, 1.490 delegaturekin (%20,47), UGT, 1.322 delegaturekin (%18,16), eta LAB, 1.221ekin (%16,77). Hezkuntzako sektorean ere lehen indar bezala geratu da ELA, 549 delegaturekin (%39,10). Atzetik darraizkio LAB, 273 delegaturekin (%19,44), CCOO, 175 delegaturekin (%12,54) eta UGT, 128 delegaturekin (%9,12).
Azkenik, aipatzekoa da ELA izan dela, halaber, 2001. urtean ordezkari sindikalen gehikuntzarik handiena lortu zuen zentral sindikala, 393 ordezkari gehiagorekin. Horrek ehuneko 0,29ko hazkundea adierazten du. UGTk eta CCOOk, berriz, %0,19ko eta %0,07ko hazkundea izan zuten, 222 eta 190 ordezkari gehiagorekin, hurrenez hurren. LABek, bestalde, 85 ordezkari gehiago izan bazituen ere, %0,22 atzeratu zen aurreko urtearen aldean. Gainerako sindikatuek, 23 ordezkari gehiagorekin, %0,32 egin zuten atzera.
Emaitza horiek balioztatzeko garaian, Euskal Herriko sindikatu guztiek positibotzat jo zituzten zeinek bere emaitzak, betiere 2002. urte honen bukaerarako hobetuko zituzten esperantzan.
SINDIKATU ABERTZALEETAKO AFILIAZIOA ERE GEHITU EGIN DA
. Mugimendu sindikal abertzalea Hegoaldeko enpresa eta lantokietan pixkana finkatuz joan ez ezik, barruko afiliazioa ere areagotuz doa gehiengoa duten bi sindikatu abertzaleetan: ELA eta LAB. Bi sindikatuen artean gaur egun guztira duten afiliazioa 128.000 lagunetik gorakoa da. Horietatik, 96.000 baino gehiago ELAri dagozkio eta 31.000 baino gehiago LAB sindikatuari.
ELA da, dudarik gabe, azken urteotan gehien hazten ari dena, ia 97.000 afiliatu izatera iritsi baitzen 2001. urtearen bukaeran. ELAk 96.945 lagun afiliaturekin bukatu zuen 2001. urtea. Horrek esan nahi du aurreko urtean baino 5.869 kide gehiago zituela eta %6,45 hazi zela. Afiliatu horietatik asko gazteak (3.659 lagun; beraz, %35,75eko hazkundea) eta emakumeak (2.876; beraz, %10,19ko hazkundea) izan dira. Afiliatuen batez besteko adina ia 44 urtekoa da; %67,93 gizonezkoak dira eta %32,07 emakumezkoak. Hazkundea orokorra izan da sektore eta eskualde guztietan. Araba izan da afiliazioa gehien hazi den probintzia: %10,17. Ondotik doazkio Nafarroa (%9,02), Bizkaia (%6,56) eta Gipuzkoa (%4,48).
Bestalde, LAB sindikatua ere haziz joan da; bereziki, azken hiru urte hauetan: 1999an, 26.679 lagun zeuden LABen afiliatuak; 2000. urtean, 28.684 lagun izatera iritsi ziren; eta, 2001. urtean, 31.052 lagun izatera. Horrek esan nahi du azken hiru urte hauetan urteko bi mila lagun baino gehiago hazi dela. Hazkunde horretan, nabarmena da gazteen afiliazioa, %13,89rekin, bai eta emakumeena ere, %29,54rekin. Sindikatu horren helburuetako bat erretiratuen eta pentsiodunen sektoreari ere egitura antolatua ematearen alde lan egitea da. Sektore horretan eremu garrantzitsu bat dago jorratzeko, zeren, LABek kalkulatu duenez, bere garaian lan egin zuten 12.000 lagun inguru dira sindikatu horretan afiliatuak zeudenak eta gero utzi zutenak jardunik gabe gelditutakoan