Zuek, asteburutako mozkor publiko heldu prestuen lotsa zareten horiek. Edari merkez arraildurik gure plaza eta parke txukunak zeuen izaera zikin ustel gizatxarren parkingak bilakatu dituzuenak, azkenik zuen tamainako neurri legala duzue. Ezin izanen duzue gehiago zuen botilez gure loa zapuztu, goizetik kopa ederretan markako edariz hornitzen garenona, eguneroko arratsetako ajea berdintze aldera hain beharrezkoa dugun gau-loa. Gurea ez da mozkorra, gurea ogibidearen ardurak sortutako estresaren gorputzaldi txarra da, eliteko kirolarien antzera esfortzuaren ondorengo ezinbesteko indarberritzea da, ezkutuko prestakuntza pasiboa. Eta ongi esanak gogoan hartzeko gai ez zaretenez, zigorbidea duzue merezi guk gaztetan ez bezala, gu ez baikinen aitzurtzen. Gu, horretan ere eredu, zuen laineza gaiztoan onartzen ez badiguzue ere. Beharrik, zuek zuzenduko zaituzten gobernamendu egokia aukeratu dizuegula, gogor eginen dizuena gerora behar bezala ondu zaitezten. Zeuen onerako noski. Gure terrazetan onetik eta basoka edateko kapaz ez zareten bitartean, mezu elektronikoka horni zaitezkete idazketa landuz ahal baduzue ortografia hutsak egin gabean. Izan zoriontsu