argia.eus
INPRIMATU
Fernando Morillo
«Sariek norbera ezagutarazteko ere balio dute»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
«Bihotz nahasiak» zure hirugarren nobela al da?
Tartean saiakera-nobelatu bat ere badago, baina gazteentzat idatzi ditudan nobelatxoetatik hirugarrena da hauxe, bai. Nobela, berriz, martxoan edo apirilean aterako dut, Elkarrekin.

2000ko CAF-Igartza saria irabazi zuen lanaz ari zara?

"Ortzadarra sutan" nobela, bai. Idatzita dago, azkenengo zuzenketak egitea baino ez zait gelditzen (azterketak direla-eta, su-eten moduko bat eman didate argitaletxekoek). Beste hauek, berriz, gazteei zuzendutako nobelatxoak dira. Edonork irakur ditzake, noski (literatura da, azken batean), baina protagonistak gazteak dira, hizkuntza aldetik ere ahalik eta errazen idazten saiatu naiz eta horregatik diot gazteentzako direla. Aurreko biak pertsonalagoak ziren. Hau misteriotsuago eta umoretsuago egin dut. Kostata, beste era batera idaztera ohiturik nengoelako. Esan didatenez oso irakurterraza da, eta pozten naiz, horixe nahi nuelako.

Hainbat literatur sariren jabe egitea lortu duzu...

Halaxe da. Sari asko jaso dut, zorionez. Lehengo batean galdetu zidaten zenbat, eta ez nekien. Hasi nintzen kontuak ateratzen, eta hogeita hamarretik gora atera zitzaizkidan. Egundokoa izan da niretzat. Alde batetik, animoak; bestetik, diru aldetik finkatzea (klaseak ematen-eta ibiltzen naiz, baina ez dut asko ateratzen), eta garrantzitsuena, norbera ezagutarazteko ere balio dutela. Argitaletxeetako arduradunek sarien bitartez ezagutu ninduten! Azken aldian ikasketekin nabil eta, penaz baina, aurten ezin izan naiz aurkeztu Donostia Hiria eta Debako lehiketetara. Dena den, gerora, beste lehiaketa batzuetara aurkezteko asmoa dut.