argia.eus
INPRIMATU
ORAINDIK GUTXI ETA GAIZKI
Jabier Agirre 2002ko otsailaren 17a
Daphne taldeak duela hilabete aurkeztu zuen Antikontzeptiboei buruzko III. Shering inkesta Madrilen. Inkestak bi mila emakumetik gora aztertu zituen, eta helburu nagusia 1997an eta 1999an egindakoekin konparazioak aurkeztea eta azken lau urteotan gerta zitezkeen portaera aldaketak erregistratu eta emakume espainiarrek metodo antikontzeptiboen erabilerari buruz dituzten iritziak jasotzea zen.

Eta antisorgailuen erabilerak Espainian gorantz jarraitzen duen arren (% 69), Javier Martinez Salmeán doktoreak esan zuen bezala, "milioitik gora dira oraindik ere nahigabeko haurdunaldi-arriskuan dauden emakumeak, oso seguruak ez diren metodo antikontzeptiboak erabiltzeagatik, edo okerragoa dena, batere metodorik ez erabiltzeagatik". Arriskurik handieneko taldeetako bat 40-50 urte bitarteko andreena da, menopausiaren inguruan aurkitzen direnez, haurdun geratzeko posibilitateak gutxietsi egiten dituztelako. Jarrera horrek eraginda, kolektibo horixe da, emakume gazteen taldearekin batera, aborturik gehien egin behar zaizkienak.
Emakumeen % 70ak pilula edo preserbatiboa erabili ohi dute metodo antikontzeptibo bezala. Bata edo bestea aukeratzeko arrazoia adina izaten da, gehienbat; pilularen erabilera 20-29 urteko emakumeen taldean nagusitzen da. Baina Salmeán doktorearen hitzetan, erabiltzekotan, ongi erabili behar da, eta ez aldian behin atsedenaldiak eginez (espezialista batzuk hori gomendatzen duten arren), ez baitago horretarako arrazoi zientifikorik